miércoles, marzo 25, 2009

1936KO HAURRAK, BONBETIK IHESI


1937ko maiatzaren 21a, Gernikako bonbardaketa baino hilabete geroago. 800 bidaiarirentzako lekua duen Habana ontzia prest dago Santurtziko portutik (Bizkaia) Erresuma Batuko Southampton hirira abiatzeko. Barruan 1936ko gerratik aldendu nahi dituzten 3.826 haur doaz. Haiekin batera daude 96 irakasle, 118 laguntzaile, 15 apaiz eta bi mediku. Bidaiarien artean daude Ana Maria Gonzalez irakasle donostiarra eta Salome Moreno Muskizko haurra. Maletan arropa apur bat eta Expedición Inglaterra dioen ikurra baino ez daramate. Gehienentzat, inoiz egingo duten bidaiarik luzeena izango da.

«Gerrako beste biktimak izan ziren. Maite zituztenengandik aldendu behar izan zituzten. Kasu batzuetan, gainera, betirako», dio Ana Maria Gonzalezen alaba Carmen Kilnerrek. Bat dator horrekin Salome Morenoren semea, Manuel Moreno. Ez dute inork ahazterik nahi haiek bizi izan zutena. «Urteetan ahaztuta izan dituzte, baina guk haiekin gogoratzea nahi dugu. Horretarako modurik onena haiek bizi izandakoaz hitz egitea da». Haiek gogoratzeko lan horretan dabil Basque Children of '37 erakundea. Bertako kide dira Kilner eta Moreno. Egunotan Euskal Herrian dira beren senideen bizipenak azaltzen. Atzo, adibidez, harrera egin zieten Gipuzkoako Foru Aldundian. Ekitaldian Steve Bowlesen Los Niños de Gernika dokumentala ikusi ahal izan zen.

1936ko gerra hasi eta berehala hasi ziren hitz egiten haurrak Erresuma Batura bidaltzeko aukeraz. Esku-Hartze Ituna hausten zuela argudiatuz, ordea, Erresuma Batuko Gobernuak uko egin zion Euskal Herriko haurrak hartzeari. Azkenean, ordea, amore eman zuen. «Hori bai, baldintza bat jarri zuen: haiek mantentzeko dirurik jarri behar ez izatea», azaldu du Morenok. Azkenean, Basque Children's Committe erakundea arduratu zen horretaz.

Gonzalezen amak sarri hitz egiten zien alabei egun haietan bizi izan zutenaz. «Umeek asko sufritu zuten. Bidaia ikaragarri gogorra izan zen, etengabe botaka aritu baitziren. Oso izututa zeuden. Askok etxetik ekarritako gauza apurrak galdu zituzten. Orduan konturatu ziren ez zihoazela oporretara. Umezurtz sentitzen ziren alor guztietan», dio Kilnerrek. Morenok ere gogoan eduki nahi izan ditu Bilbon geratu ziren guraso eta senideak. «Haiek ere asko sufritu zuten. Pozik zeuden haurrak leku ziur batera zihoazelako. Baina ikaragarri gogorra egiten zitzaien seme-alabengandik aldentzea».

Portura iritsi, eta Southamptonetik gertu zegoen North Stonehan kanpamendura eraman zituzten. «Ordura arte Erresuma Batura iritsi zen errefuxiatu talde handiena zen hura». Hango herritarrek asko lagundu zieten. Lehen egunak, halere, nahiko kaotikoak izan ziren. «Haurrek ez zekiten ingelesez, beraz, ez zieten laguntzera joandako boluntarioei ulertzen. Janaria ere arraroa egiten zitzaien», azaldu du Kilnerrek.

Bazekiten, ordea, kanpamendua hilabete gutxitako kontua zela. «Dena den, nire amak-eta garbi zuten haur haiek elkarrekin jarraitu behar zutela. Nahikoa sufritzen ari ziren beren senideengandik urrunduta». Sindikatuen, talde katolikoen, enpresarien eta herritarren laguntza izan zuten. «Lorpen handia izan zen haur gehienak batera mantentzea. Beste herrialde batzuetara eraman zituzten haurrek ez zuten halako zorterik izan», iritzi dio Kilnerrek.

Euskal Herrira buelta

1939an haur asko Euskal Herrira itzuli ziren. «Batzuek, ordea, ez zekiten euren gurasoak non zeuden, eta han geratu behar izan zuten. Hala gertatu zen Kilnerren eta Morenoren amekin. «Guk han egin dugu gure bizitza osoa», azaldu dute. Txikitatik kontatu diete, hala eta guztiz ere, beraien istorioa. «Gure amak oso harro zeuden euskaldunak izateaz». Sarritan etortzen ziren Euskal Herrira. «Ama oso pozik etortzen zen. Baina asko sufritzen zuen, bizi izan zuena gogoratuz», dio Morenok. Jada hilda egon arren, biek beren amen bizipenen ahotsa izan nahi dute. Haiek gogoan izan behar direla aldarrikatu nahi dute.

(Berria. 09 / 03 / 25)