ETAko kideak bahitu, torturatu eta hiltzeko, La Factoria deituriko masia bat zegoen Bartzelonatik gertu 1970eko hamarkadan. Han Italiako neofaxistak aritzen ziren, besteak beste. Hala deklaratu zuten atzo masia hartan aritu izan ziren bi neofaxista italiarrek: Izzo Angelok eta Sergio Calorek. 1976an desagertu zen Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-en auzia ikertzeko Erroman izan zen atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epailea, eta Pertur masia hartan izan ote zen baieztatu ez duten arren, masia bazela azaldu dute bi neofaxistek. Bizitza osorako zigorra betetzen ari da Angelo, eta espetxean hartu zion deklarazioa epaileak. Calore, berriz, aske dago, eta Poliziaren kolaboratzailea da. Nork bere aldetik masia horren existentziaren inguruan egindako deklarazioak bat datoz. Erroman izan da Perturren familiaren abokatu Martin Auzmendi ere.
Jose Luis Moreno Bergaretxe Pertur ETA politiko militarreko kidea zenaren desagertzeari buruzko auzian hiru italiar neofaxistari deklarazioa hartzekoa zen atzo Andreu epaileak. Perturren familiaren eskariz ireki zuen auzia Andreuk, pasa den azaroan, eta neofaxistek desagertze hartan zerikusia izan zezaketela esaten duten zantzuei ere jaramon egitea erabaki du. Hala, Italiara joan da. Angelori eta Caloreri ez ezik deklarazioa hartu nahi zion Pierluigi Concutelliri ere, baina, ezin izan zuen, bizi osorako zigorra izan arren, gaixo dagoenez kartzelaldi arindua jarri diotelako eta etxean dagoelako. Hala ere, Concutelliri deklarazioa hartzeko eskaria egin du berriz ere Andreu epaileak, haren deklarazioa argigarria izan daitekeelako.
Izan ere, Angelok epaileari esan zion Concutellik kontatu ziola data haietan ETAko kide bat bahitu eta masiara eraman zuela. Pertsona hura torturatu eta «desagerrarazi» egin zutela esan zion. Pertsona hura nor zen argitzean dago gakoa. Angelori Perturren argazkia erakutsi zion epaileak, baina hark ez zuen ezagutu. Izan ere, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur desagertu zenerako preso zegoen Izzo Angelo.
Hain justu, Italiako sumario batetik abiatu da neofaxisten tesia. Sumario hartan Concutelliren deklarazio bat dago jasota, eta han dio, 1976an Frantziako Hegoaldean ETAko kide bat bahitu zuela. Bahitu hark Pertur izan behar du, 1976an ez baitzuten beste etakiderik hartu gatibu.
Angelok Andreu epaileari azaldu dio berak harremana izan zuela Batallon Vasco-Español taldearekin, eta bertako hainbat kide ezagutu zituela. Hamarkada hartan, ETAren kontra aritzen ziren talde neofaxista italiarrak bi zirela azaldu dio: Madril taldea eta Bartzelona taldea. Aurrenak hiru apartamentu eta Appuntamento izeneko pizzeria bat zituela esan dio, eta hango kide zirela, esate baterako, Mario Calzona, Augusto Canchi eta Mario Pelegrini. Bartzelona izeneko taldean italiarrak ez ezik neofaxista frantses eta portugesak ere bazirela adierazi dio. Haiek, apartamentu bat zuten Herrialde Katalanetako hiriburuko auzo txinatarrean, eta La Factoria izeneko masia bat, hiriaren kanpoaldean. Bahituak haruntz eramaten zituztela, eta torturen bidez galdekatzen zituztela aitortu dio epaileari. Talde horren buru nagusia Jean Pierre Cherid zen, Angeloren arabera. Cherid Espainiako Zerbitzu sekretuekin lotu izan da.
Garai hartan, Espainiako zerbitzu sekretuek armak eta lehergaiak ematen zizkien italiako neofaxistei, Angeloren esanetan. Besteen artean Ingrand markako metraileta bat eman ziela zehaztu du. Hain justu, arma hori Concutelliri atzeman zioten, Victorio Occosio epailearen hilketan erabili zuen arma gisa.
Beste harimutur bat ere eman dio Calorek Andreuri: hiltzen zituztenak, eraikinaren inguruko baso batean lurperatzen zituztela esan zion. Calorek azaldu dio bera Ordine Nuevo taldeko kide izan zela, eta La Factorian egon zela. Guztia ETAko militanteen argazkiekin josita zegoela azaldu dio Fernando Andreu epaileari, haien kontrako ekimenak prestatzeko erabiltzen zutela.
'Bereziak'
1976 urteko uztailean desagertu zen Pertur, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Bertsio ofizialak dio ETAko talde berezietako kideek hil zutela. La Consolation tabernan hitzordu bat zuen, baina beste pertsona ez zen agertu. Tabernatik atera eta Pakito Mujika Garmendia eta Miguel Angel Apalategi ETAko kideak topatu zituen, eta Pausura (Lapurdi) eramateko eskatu zien. Bi horien arabera, Pausura eraman eta hantxe utzi zuten. Geroztik ez du inork ikusi Pertur. Legez hilik dago 1986tik, familiak hala eskatuta. Triple A komandoak bahiketa bere gain hartu, eta Pertur hil egin zuela esan zuen. ETA politiko-militarrak talde parapolizialei leporatu zien.
AngelAmigok bistaratu zuen bahiketaren atzean italiar neofaxistak egoteko aukera, El año de todos los demonios filmean. Epaileak tesia aintzat hartu eta ikerketa abiatu duelako pozik agertu da Amigo, baina, ikerketa hori lehenago ere egin zitekeenez hala egin ez izana salatu du. Desagerketa argitzeko ikerketak aurrera jarraitu beharko duela azpimarratu du.
(Berria. 09 / 03 / 26)