sábado, junio 28, 2008

"PERTUR"REN DESAGERTZEA ARGITZEKO, IKERKETAK AGINDU DITU AUZITEGI NAZIONALAK

Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" ETA politiko-militarreko kidearen desagerpenari buruzko auzia berriz zabaltzea erabaki du Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. 1976ko uztailaren 23an desagertu zen "Pertur", Lapurdin, eta ordutik ez da haren berririk. «Indarrez egindako desagertzearen nondik norakoak» eta nork bahitu zuen argitze aldera, ikerketak hasteko agindu du.

"Pertur"ren gurasoek aurkeztutako kereilari erantzunda hartu du erabakia epaileak. Atzo kaleratutako autoan argudiatu duenez, arrazoi nahikoa dago "Pertur" ETAko talde batek edo «beste talde terrorista batek» desagerrarazi zutela pentsatzeko, eta horregatik erabaki du auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean berriz zabaltzea.

Hiru hipotesi

"Pertur"ren desagertzeari buruz hiru hipotesi daude mahai gainean: ETAko talde bereziek bahitu zutela; bahiketa talde ultraeskuindar batek egin zuela edo Italiako talde neofaxista batek, Espainiako zerbitzu sekretuen aginduz.
ETAko bi kidek ikusi zuten azken aldiz "Pertur": Pakito Mujika Garmendiak eta Miguel Angel Apalategik. Gainera, ETA barneko eztabaida prozesu batean zegoen, eta desadostasunak agerikoak ziren. Hori dela eta, ETAko talde bereziek bahitu zuten hipotesiari indarra ematen dio epaileak. «Beste erakunde edo talde terrorista batek» bahitu zuela pentsatzea ere «arrazoizkoa» dela dio. Nahikoa arrazoi dagoela "Pertur" Espainiako talde ultraeskuindar batek bahitu zuela pentsatzeko.

Hirugarren tesiari ez dio horrenbesteko sinesgarritasunik eman Andreu epaileak. Pertur Italiako talde neofaxista batek Espainiako zerbitzu sekretuen aginduz bahitu eta desagerrarazi zuela dio tesi horrek, eta aukera horrek iaz indarra hartu zuen, Angel Amigok zuzendutako "Deabru guztien urtea" dokumentala kaleratzearekin batera.

Auzia berriz zabaltzeko, mahai gainean zeuden bi zalantzak argitu ditu epaileak. Batetik, auzia Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskumena den argitu behar zuen. Hiru hipotesiak aztertuta, auziak «terrorismoarekin» zerikusia duela ebatzi du.

Moreno desagertu zenetik igarotako denbora dela eta, auzia preskribituta zegoen argitu behar zuen bigarrenik. Andreuren esanetan, auzia ez dago iraungita. Desagertu zenetik 32 urte igaro diren arren, "Pertur" ez dute oraindik aurkitu. Beraz, auzia baliogabe geratu dela esateko denbora ez da oraindik zenbatzen ere hasi.

Frogak eta lekukoak

Frantziari eta Italiari auziaren inguruan dituzten txosten eta datuak helarazteko eskatu die epaileak nazioarteko agindua igorrita, eta Espainiako Poliziari zein Guardia Zibilari gauza bera egin dezatela agindu die.

Ikerketei ekiteko, Mujika eta Apalategi etakideei deklarazioa hartzea onartu du epaileak, familiaren eskaera aintzat hartuta. Eugenio Etxebeste, Simon Loiola eta Eleuterio Jauregi etakideei deklarazioa hartzeko ere eskatu zuen fiskaltzak. Halaber, Pierre Luigi Concutelli eta Carlo Cicuttini neofaxista italiarrei ere deklaratzera deitzeko eskatu zuen.

(Berria. 08 / 06 / 28)