«Argazkiko hau neu naiz, eta Loli andereñoaren ondoan dagoena, nire ahizpa, Susana. Horko irudian burua garbitzen ari dena Asun da; hura Durangokoa zen, eta ederto hitz egiten zuen euskaraz!». 14 urte zituenean, Santurtziko portutik (Bizkaia) atera ohi ziren itsasontzietako batera igo zen Angela Cubas; Ingalaterrara zihoan, 1936ko gerratik ihesi. Hark bezala, 33.000 euskal haurrek erbestera joan behar izan zuten, gurasoak eta senideak atzean utzita, 1937an. Orduz geroztik, gerrako haurrak dira. "Idi Ezkerra" Fundazioak omenaldia egingo die hilaren 15era arte. Hasteko, bidaiaren eta erbestealdiaren irudiak, gutunak, egunkariak, dokumentuak eta testigantzak biltzen dituen Bizitza osoa umeak izaten erakusketa abiatu zuen atzo, Bilboko Itsas Museoan.
Garaiko kronikek diotenez, Durangoko eta Gernikako (Bizkaia) bonbardaketen ondoren, eta faxistek umeen gordelekuak ez zituztela errespetatzen ikusita, orduko Euzkadiko Jaurlaritzak 5 eta 15 urte bitarteko haurrak ateratzeari ekin zion. Hainbat herrialdek erantzun zioten Agirre lehendakariaren deiari, eta, hala, Bizkai eta Gipuzkoako milaka ume, bakarrik edota senideekin, munduan zehar barreiatu ziren: Mexiko, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB), Katalunia, Frantzia, Argentina, Belgika, Suitza...
Santurtziko portutik atera zirenean, hiru hilabeterako zihoazela uste zuten haurrek eta gurasoek. Batzuk gerra amaitzean itzuli ziren, baina herrialde askok Francoren erregimenarekiko harreman diplomatikorik ez zutela eta, haur gehienak sorterritik urrun bizi izan dira. Abiatu zirenetik 71 urte igaro diren arren, gerrako haur batzuk lehenengo aldiz itzuliko dira egunotan Euskal Herrira, "Idi Ezkerra"k gonbidatuta.
«Ez zen inorentzat erraza izan», dio testigantzetako batek. Gurasoek seme-alabak galdu zituzten; haurrek familia galdu zuten, baita haurtzaroa eta gaztaroa ere. Are gogorragoa izan zen errefuxiatu izanda ere gerra pairatu zutenentzat. Izan ere, II. Mundu Gerraren ondorioz, erbesteratutako haur batzuek gosetea jasan zuten, eta besteek berriro ihes egin behar izan zuten, Amerikara gehienbat.
MEMORIA HISTORIKOARI EKARPENA
Gerrako haurrei dagokien memoriaren zatia berreskuratu nahi du "Idi Ezkerra"k omenaldiaren bidez. Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkunza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren hitzetan, «gerrako haurren bizitzaren tarte hori ikusezin egon da, sufrimenduak eta garaileen gezurrek estalita». Beraz, garai hari buruzko informazio apurra osatzea da erakusketaren helburua, ahozko kontakizunei irudiak eta idatziak gehitzea, alegia.
«Ingalaterran bizi ginenean, Livingston ospetsuaren bilobak hartu gintuen. Etxera itzultzean, familian arazo ekonomiko handiak genituela esan genion, eta nire ahizpa harekin itzuli zen». Begietan malkoak eta ezpainetan irribarrea duela mintzo da Angela Cubas. «Gauza hauek kontatzea gustatzen zait. Jendeak zer gertatu zen jakin behar du, eta guk kontatzen ez badugu, nola jakingo dute?».
(Berria. 08 / 06 / 07)