jueves, junio 26, 2008

"PERTUR" AUZIAN MUJIKA ETA APALATEGI INPUTATZEKO ESKATU DIO FISKALAK EPAILEARI

Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" ETAkide zenaren auzian Pakito Mujika eta Miguel Angel Apalategi inputatzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Fernando Andreu epaileari. Familiak jarri zuen kereilari jarraituz eskatu du Fiskaltzak ustezko bi etakideak inputatu eta deklaratzera deitzea. Hala, Fiskaltzak ontzat ematen du Pertur ETAko "omando Berezietako kideek hil zuten ustea, Italiako neofaxisten hipotesia baztertuz.

Angel Amigok zuzendutako "El año de todos los demonios" film dokumentalak aireratu zuen iaz bigarren hipotesi hori. Horren arabera, Italiako neofaxista talde batek bahitu zuen Pertur Espainiako zerbitzu sekretuen aginduei jarraituz.

Hipotesi horri indarrik eman ez badio ere, bi italiarri lekuko gisa deklarazioa hartzeko ere eskatu dio Fiskaltzak Auzitegi Nazionalari: Pierluigi Concutelliri eta Carlo Cicuttiniri, hain justu. Eugenio Etxebeste "Antxon" eta Eleuterio Jauregi "Trotsky" ere lekuko gisa deklaratzera deitzea nahi du.
32 urteak gertu

"Pertur" desagertu zenetik 32 urte betetzear dauden arren, gorpua agertu ez denez auzia ez dela preskribituko argudiatu zuten etakide zenaren familiakoek, kereila kriminala aurkezterakoan.

1976ko uztailaren 23an desagertu zen "Pertur". Oharra jaso zuen «duela hilabete ezagutu eta berriro ikusi nahi zaituen pertsona» baten izenean, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) La Consolation tabernan hitzordu bat jarriz. 10:00etan zen hitzordua, baina beste pertsona ez zen agertu. 11:00etan tabernatik atera eta Pakito Mujika Garmendia eta Miguel Angel Apalategi ETAko kideak topatu zituen, eta Pausura eramateko eskatu zien. Bi horien arabera, Pausura eraman eta hantxe utzi zuten. Geroztik ez du inork ikusi "Pertur", eta ezta haren berririk izan ere. Legez hilik dago 1986tik, familiak hala eskatuta.

Hainbat hipotesi izan dira "Pertur"ren desagertzearen inguruan. Eskuin muturreko Triple A komandoak bahiketa bere gain hartu, eta "Pertur" hil egin zuela esan zuen. ETA politiko-militarrak talde parapolizialei leporatu zien. Baina, hala ere, hainbat sektorek ETAko komando Berezietako kideak egin zituen ekintzaren erantzule. Perturren sendiak ere haiek egin zituen erantzule, 1978an emandako prentsaurreko batean.

1976an, barne eztabaidan ari ziren ETA politiko-militarrean, eta "Otsagabia" txosten eztabaidatua osatzen ari zen "Pertur", Javier Garaialde "Erreka"-rekin batera.

(Berria. 08 / 06 / 26)