jueves, junio 26, 2008

GERMAN RODRIGUEZEN HILKETA ARGITZEKO ESKATU DUTE ABOKATUEK

Nafarroako 67 abokatuk manifestua sinatu dute German Rodriguezen hilketa argitzeko eskatzeko. 1978. urteko sanferminetan tiroz hil zuen Espainiako Poliziak Rodriguez, Iruñean. Liga Iraultzaile Komunistako (LKI) kide zen. 23 urte zituen hil zutenean.

Rodriguezen heriotzaren inguruko epaiketarik ez da inoiz egin. Hiru sumario zabaldu ziren 78ko sanferminetan gertatutako istiluen inguruan, baina hirurak utzi zituzten 1983. urtean. Ez zuten inor epaitu. Ez zuten inor akusatu. Peñek osatu zuten ikerketa batzordeko abokatuek esku hutsik amaitu zuten hainbat hilabetetako lan prozesua.

Egoera hori onartezina dela iritzi diote manifestua sinatu duten abokatuek, eta Rodriguezen hilketa argitzeko urratsak egiten saiatuko dira datozen hilabeteotan, 78ko Sanferminak Gogoan plataformako kideekin elkarlanean. «Hutsune nabarmena dago Germanen auzi honetan. Nafarroako erakunde publikoek ez dute behar bezala erantzun. Germanen hilketak erantzun politikoa, soziala eta juridikoa behar du», azpimarratu du Juanje Soriak, testua sinatu duten abokatuetako batek.


Zehazki, Nafarroako Parlamentura, Nafarroako Justizia Auzitegira eta Arartekoaren bulegora jotzeko asmoa dute abokatuek. Parlamentuan ikerketa batzordea osatzea da haien asmoa, 1978ko gertaeren arrazoiak zeintzuk izan ziren, eta arduradunak nortzuk diren argitu ahal izateko; auzitegian, berriz, 1983. urtean hiru sumarioak zergatik itxi ziren ikertzeko eskatuko dute manifestuko sinatzaileek.

Arartekoari, hirugarrenik eta azkenik, aurreko bi ekimenei babesa emateko galdeginen diote abokatuek. «Ezin da onartu, gaur egun, arartekoak halako gertaeren inguruan deus ez erratea», gaineratu du Soriak. Zuzenbidea eta justizia ez direla gauza bera zehaztu du abokatuak, eta Rodriguezen auziaren harira, oraindik ere, justizia eskatzen jarraitu behar dutela azpimarratu du abokatuak.

Dokumentalaren aurkezpena

Aurten 30 urte betetzen dira Rodriguez sanferminetan hil zutenetik. Urteurren hori dela eta, azken hilabeteotan hamaika ekitaldi egin dituzte "78ko Sanferminak Gogoan" plataformako kideek. Eta egitasmoak ez dira amaitu. Bihar bertan, Rodriguezi buruzko dokumentala aurkeztuko dute, Eguzki Bideoak taldeko arduradunekin batera, Oroitarria izenburupean. Arratsaldeko 19:30ean izanen da, Burlatako Kultur Etxean.

Ekitaldi berean, 30. urteurrenaren harira egin duten Hilarria kanta aurkeztuko dute plataformako lagunek. Fermin Valenciak abestuko du. Musika Mikel Elizagarena da, eta hitzak, berriz, Fer Izquierdorenak.
30. urteurrenaren ekitaldi nagusia hilaren 8an eginen dute, sanferminetan alegia, urtero bezala. Plataformak eta peñek omenduko dute Rodriguez egun horretan. Uztailaren 8ko egitarau zehatza, hala ere, oraindik ez dute ezagutarazi.

(Berria. 08 / 06 / 26)