Nazien sarraski esparruetako eskarmentu basakeriazkoaren ostean, T. Adorno filosofo alemanak gogoeta ildo bat landu zuen, Auschwitz osterako metafisika ere baderitzona. Basakeria hari buruzko gogoeta egin zuen Adornok, baina batik bat etorkizunerako antidotoren bat bilatzeko asmoz egin zuen gogoeta. Eta kezka logiko hartatik abiaturik, giza eskubidetzat hartu zuen memoria historikoa ere, justizia erdiesteko baldintza nahitaezkotzat: memoriarik gabe, ez zitekeen justiziarik izan. Horregatik gomendatu zuen Adornok balio eta ideia demokratikoetan oinarrituriko hezkuntza sistema batean prestatzea herritarrak, eta haiei iraganari buruzko lan aktiboa eginaraztea. Nabarmendu zuen, halaber, ez zituztela bakarrik kontuan hartu behar biktima izandako pertsonak, baizik eta honako hauek guztiak ere bai: argitara irten ez ziren proiektu guztiak, artean ernetu berriak izaki zapuztuta geratu ziren amets guztiak, eta galdutako gizarte eskubide guztiak luzaroan berreskuratu ezinezkoak.
Laburbildurik, geure egiten dugu gogoeta hura frankismoaren biktimen taldekoak garenok eta memoria, justizia eta ordaintza eskatzen dugunok; horrez gainera, ordea, eta Adornok egin bezala, prestakuntza-heziketa-justizia arteko harreman garbi hori nabarmendu nahi dugu. Hori abiaburutzat harturik diogu, batetik, hezkuntza alorra -bere maila guztietan- funtsezkoa dela Euskal Herriaren memoria historiko, demokratiko eta antifaxista berreskuratzeko eta eratzeko. Hori abiaburutzat harturik diogu, bestetik, kezkatuta gaudela etorkizuneko edo egungo ahalegin totalitarioen prebentzioari dagokionez. Ohartuta baikaude gure gaur egungo hezkuntza sistemak -unean uneko edo tokian tokiko salbuespen bakanak salbuespen- ez duela behar adina aintzakotzat hartzen -ez edukiari ez ikuspegiari dagokionez- memoria hori berreskurtazeko eta eratzeko helburua, eta, beraz, ezta memoria hori transmititu behar izatearen garrantzia ere. Eta hori bereziki kezkagarria iruditzen zaigu, hezkuntzaren espazioa giltzarria baita gizarteratzearen prozesuan, espazio horretan eratzen edo suntsitzen baita memoria, eta, beraz, espazio horretan era edo suntsi baitaiteke demokrazia, eta hantxe bidea eman edo itxi baitakieke balio totalitarioei.
Kezka horrek bultzaturik, hain zuzen, arreta bereziaz begiratzen diogu uneotan abagune ezin aproposago bati, zeinari esker uste baitugu berbideratzen hasiko garela egoera horrek berekin dakartzan hainbat osagai. Abagune aproposa baita, Euskal Curriculuma deritzona landu, onartu eta abian jartzearen inguruan zenbait alorretan garatzen ari diren proposamen, eztabaida eta ekimenei heltzeko: gure ustez, curriculum horrek ematen du bidea, gaur egun, euskal hezkuntza sistemaren pedagogia eta edukiei buruzko ikuspegia agertzeko eta lantzeko, betiere zintzoki eratu nahi izanez gero gure herriaren Memoria historiko, demokratiko eta antifaxista. Halaber, eta balio erantsi gisa, uste dugu, gainera, curriculum hori dela bitarteko, Euskal Herriak ekarpen praktiko baliotsua egin dezakeela, konnotazio zeharo solidarioekin, eta erreferente praktiko bihur daitekeela irakaskuntza ereduan sartu ahal izatea memoria historikoaren transmisioa, ikuspegi demokratiko eta antifaxista batetik abiaturik; justiziaren aldetik, berriz, frankismoaren hemengo biktimek nahiz Estatu osokoek biziki estimatuko duten eskabide oinarrizkoa, inondik ere.
Horregatik, Ahaztuak 1936-1977ko kideok arreta handiz kontu egin diogu hainbat eragilek -erakunde, gizarte eta hezkuntza alorrekoek- garatu duten Euskal Curriculumari, eta harekin erabat bat gatoz. Harekiko gure adostasuna adierazi ez ezik, ordea, geure ekarpena egin eta aurkeztu diegu Euskal Curriculuma lantzen aritu diren eragile horiei. Joan den urteko abenduan entregatu genien gure ekarpena, eta, han, Euskal Herriko hezkuntza sistema nazionalak etorkizunean bere egin beharko lukeen gaia nabarmendu genien: alegia, gure herrialdearen memoria historikoari buruzko interpretazio ahalik eta zabalena sartzea aurrerantzean; zehatz-mehatz, 1936-1977 aldian gertaturiko ekintzei buruzkoa, hau da, estatu kolpearen eta Francoren diktaduraren garaiari buruzko interpretazioa, ikuspegi demokratiko eta antifaxista batetik egindakoa.
Horregatik, halaber, gaur larunbata, Donostiako Kursaal jauregian izango gara, eta haraxe agertzeko deia egiten diegu frankismoaren biktima guztiei eta, oro har, euskal gizarte osoari. Han aldeztuko dugun curriculumak -besteak beste eta laburbildurik- bere barnean har ditzan, hezkuntzako maila guztietan -ez bakarrik haurrei dagokienean-, honako gai hauei buruzko atal bereziak: zapalkuntza politiko eta soziala; Francoren diktaduran izandako kultura eta hezkuntza genozidio ahalegina, euskal kultura eta hizkuntza suntsitzekoa; Espainiako Estatuaren esparruko herriak eta haietako kulturak eta hizkuntzak aske, elkarrekin eta senidetasunez bizi ahal izateko balioen aldeko borroka; belaunaldi berrietakoei irakastea, batetik, pertsonen eta herrien askatasunak eta eskubideak -elkarren artean erabakitzeko eskubidea- ez direla Botereak emandako zerbait, baizik eta ezin konta ahala nekeren ondorio, eta, bestetik, ezinbestekoa dela askatasun eta eskubide horiek gordetzea eta aldeztea, dena delako murrizketa edo eraso -totalitario nahiz faxista- gertatuz gero ere, kuarteletatik nahiz legebiltzarretatik eratorritakoak edota uniforme jantzi hutsean nahiz Pierre Cardin dotore itxuran agertutakoak izanda ere.
Eta Euskal Herriko biztanleak ahalik eta gehiago urrundu daitezen, bai prestakuntzaz bai sinesmenez, oraindik ere indarrean dagoen frankismo soziologiko horretatik; ez daitezen izan ez pasiboak ez permisiboak oraindik ere bizirik dirauen sinbologia frankistarekin; aurre egin diezaioten, esate baterako, Francisco Franco «ohorezko alkate» izendatzeari -halaxe egin baitzuten joan den astean Salmancan-, edo Pio Moa, Vidal eta antzekoen inguruan errebisionismo historikoari bide emateari.
Besteak beste.
(Berria. 08 / 06 / 21)