viernes, junio 20, 2008

"OROIMENAREN AUTOBUSA"K FAXISTEN BIKTIMEN OMENEZKO EKITALDIAK SALAKETA BAKARRA BIHURTU DITU

Oroimenaren Autobusak bihar Agoitzetik Iruñerakoa egin eta bertan, Erorien Monumentuaren aurrean, hain zuzen, azkena emango dio bere ibilbideari.
Nafarroako hainbat herritan faxistek hildakoei eta errepresaliatuei egin dizkieten omenaldiek, erakusketek eta hitzaldiek marraztu dute ehunka kilometroko ibilbide hori. Horixe baitzuten helburuetako bat, ekitaldi horiek lotzea 1936az geroztik Nafarroan izan zen sarraskia ahantz ez dadin, oroitzea beharrezkoa baita berriro halakorik ez gertatzeko.
Beste batzuek faxismoaren biktimak gogoratzea hauts zaharrak harrotzea baino ez dela uste dute eta sarraski hura eragin zutenen oroitarriak mantendu eta gurtzen dituzte, instituzioen eta indar politiko gehienen pasibotasuna edo are laguntzarekin ere. Hain zuzen, Oroimenaren Autobusaren beste helburua ekimena bultzatu duten elkarteen eskakizunak ezagutaraztea da, hala nola, sinbolo faxista guztiak desagerraraztea eskatzen duena; horregatik bukatuko du ibilbidea Erorien Monumentuan, errepresioaren biktimen ezagutza, egia osoa agertzea galarazten dutenak agerian uzten dituen monumentu iraingarri hartan.
(Gara. 08 / 06 / 20)