viernes, junio 13, 2008

FRAGA MARTXOAREAN 3KO GERTAEREN ERANTZULE EGIN DU LEGEBILTZARRAK

EAJ, EA, PSE eta Ezker Batuaren babesarekin, eta Ezker Abertzalea eta PPren aurkako botoarekin onartu du Eusko Legebiltzarreko batzorde bereziak 1976ko martxoaren 3ko gertaerak argitzeko egindako ebazpena. Duela 32 urte, martxoaren 3an, Espainiako Poliziak Gasteizko San Frantzisko elizan batzartuta zeuden bost langile hil eta ehunka zauritu izanaren «erantzukizun politikoa» Manuel Fraga Iribarne, Rodolfo Martin Villa eta Alfonso Osorio Garcia ministro ohiek izan zutela ondorioztatu du ebazpenak, besteak beste. Garai hartan, Manuel Fraga zen Gobernazio ministroa, eta polizia bere zuzendaritzapean zegoen; Rodolfo Martin Villa Sindikatuekiko Harremanetarako burua zen, eta Alfonso Osorio Presidentzia ministroa.

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak egindako eskariari jarraituta landu du Eusko Legebiltzarrak gertakariei buruzko memoranduma. Espainiako Poliziari San Frantzisko eliza indarrez husteko agindua nondik eman zen zehazteko eta ardura politikoak zuritzeko eskaria egin zion elkarteak Legebiltzarrari, gertakari haietako biktimei zor zaien «egia, justizia eta aitortza» eman aldera.

Batzorde bereziak onartutako ebazpena «egiaztatutako gertakari objektiboetan» oinarritu da. Azken hilabeteotan Legebiltzarreko agerraldietan egindako ekarpenekin eta Valentin de Foronda EHUko historia sozialeko institutuak egindako txostenarekin landu du batzordeak testua. Orain arte jazoera horien inguruan emandako bertsio ofiziala ukatzera dator onartutako ebazpena, Espainiako Poliziak Gasteizen izandako jokaera «gehiegizkoa» izan zela eta giza eskubideak urratu zituela uste baitu Legebiltzarrak. Batzartuta zeuden langileen aurka oldartzeko agindua Espainiako Gobernutik eman zela frogatutzat eman du batzorde bereziak, baina ez du zehaztu zein goi karguk hartu zuen erabakia. Halaber, argitu gabe utzi du langileen batzarra sakabanatzea aurrez planifikatuta erabakia izan zela.

AITORTZA

Batzordeak onetsitako txostena eztabaidatu eta bozkatu beharko dute orain osoko bilkuran. Nolanahi ere, legebiltzar taldeek dagoeneko aurreratu dute euren jarrera. Ezker Abertzalea taldearen ustez, ebazpena ez da nahikoa, besteak beste, martxoaren 3ko biktimei ez zaielako aitortzen terrorismoaren biktima gisa hartuak izateko duten eskubidea. Halaber, poliziaren oldarraldia «premeditazioz» egin zela eta garai hartan gertatutakoa zuzentzeko eskakizuna ez dela jasotzen salatu du Karmele Berasategik.

Ebazpena begi onez hartu arren, biktimen nahiak ez dituela erabat «asetuko» iritzi dio Rafa Larreinak (EA). Besteak beste, Eusko Legebiltzarrari gertakari horien aurrean duen iritzia emateko, eta martxoaren 3ko biktimak bigarren mailakoak izan ez daitezen urratsak egiteko eskatu dio Larreinak. Kontxi Bilbaoren ustez (EB), «ebazpena lehen urratsa da, baina ez azkena». Biktimen alde «justizia» bilatzeko lanean jarraitu behar dela azpimarratu du.

Antonio Riveraren esanetan (PSE), ordea, batzordearen egitekoa ez da biktimei errekonozimendua ematea. Bere ustez, onartutako ebazpena «zehatza» da bai edukietan, bai forman, eta plenoan talde guztien babesa jaso beharko luke. Ebazpenarekin martxoaren 3ko gertaeren «egia» argitu dela iritzi dio Maixabel Azpillagak (EAJ), baina hori ez dela biktimen aitortzarekin «nahastu» behar adierazi du.

«Ebazpena ez da nahikoa, ez dituelako martxoaren 3ko biktimak terrorismoko biktima gisa hartzen»
Karmele Berasategi
Ezker Abertzaleko legebiltzarkidea

«Lehen urratsa da, baina ez azkena. Biktimen alde justizia bilatzeko lanean jarraitu behar dugu»
Kontxi Bilbao
Ezker Batuko legebiltzarkidea

«Martxoaren 3ko gertaeren egia argitu da; baina ez da nahastu behar biktimen aitortzarekin»
Maixabel Azpillaga
EAJ-ko legebiltzarkidea

(Berria. 08 / 06 / 13)