Armada uniformea mekanikarien janzkerarekin aldatu zuen John Demjanjukek AEBetara emigratu zuenean, 1952an. Ford etxearen lantegi bateko estatubatuar anonimo baten moduan bizi nahi izan zuen Clevelanden, baina 29 urte geroago iragana bueltan etorri zitzaion, AEBetako auzitegi batek erabaki zuenean gezurra esan zuela herritartasun agiria jasotzerakoan, gerra kontuak zirela eta. Demjanjukek dio naziek preso hartu zutela, errusiarren Armada Gorrian borrokan ari zela, eta 1944 arte kontzentrazio esparru batean eduki zutela; ez zuen esan, baina, juduak hiltzeko naziek talde berezi baterako entrenatu zutela; Ivan Izugarria esaten ziotela esparruetako zaindari errukigabeari. Beste pertsona batekin nahasi zutela esanez egin ditu urteak epaitegi batetik bestera, eta, atzo, azkenean AEBetatik Alemaniara deportatu zuten, Auzitegi Gorenaren aginduz. 29.000 juduren hilketan zerikusia izateagatik epaituko dute, baina 89 urte ditu, eta prozesuaren amaierak luze jo dezake.
Munichera iritsi zen atzo hegazkin berezi batean, eta aireportua zapaldu bezain laster atxilotu eta eraman zuten Stadelheimgo espetxera. Han osasun azterketa egingo diote zein egoeratan dagoen aztertzeko, baina besterik esaten ez badute, epaiketa egingo diote Sobibor esparruan zaindari zela egindakoengatik. Haren egitekoetako bat zen juduak trenetatik gas ganberara eramatea, AEBetako Fiskaltzaren eta Alemaniako epaitegi baten arabera.
Ivan Demjanjuk izenarekin jaio zen Ukrainan 1920an, eta Armada Gorriko soldadu izan zen II. Mundu Gerra hasi aurretik. Ordura arteko biografian ez dago zalantzarik, baina 1942an alemaniarrek preso hartu eta 1952ra arte egindakoaz defentsaren eta akusatuen bertsioak oso ezberdinak dira.
Fedor Fedorenko lekukoak identifikatu zuen lehen aldiz Sobibor kontzentrazio esparruko Ivan Izugarria. Zaindarien artean ezaguna zen, ez soilik presoak gas ganberara eramateagatik. Fedorenkok eta beste hainbat lekukok esan dutenez, ehunka lagun ere hil zituen aizto handi batez lepoa moztuta.
Akusazio horiengatik epaitu zuten lehen aldiz 1983an. Israelen egin zioten epaiketa hartan, baina, deklaratu zuen preso eraman eta gero alemaniarren aginduetara errusiarren kontra borrokatzeko talde batean parte hartu behar izan zuela, aliatuek garaipena lortu bitartean. Horiek baztertu eta heriotza zigorrera kondenatu zuten 1988an, baina 1993an atzera egin zuen Israelgo Auzitegi Gorenak, KGB inteligentzia zerbitzuak aintzat hartuta esan baitzuten Ivan Izugarria Ivan Martxenko ukrainarra zela; beste pertsona bat, alegia. Treblinka ez beste hainbat esparrutan egon zelako froga asko zeuden, hala ere, Israelgo epaile baten arabera, baina, 1998an, AEBetara itzultzen utzi zioten, eta han AEBetako Justizia Departamentuak «arduragabeki» jokatu zuela erabaki zuen epaitegi batek.
Akusazioak
Frogek eta akusazioek hor jarraitzen zutela-eta ostera egin zuten atzera. 2002an AEBetako epaitegi batek erabaki zuen frogak bazeudela oso akusazio larriak egiteko haren kontra: Sobiborko zaindari armatua izan zen -250.000 pertsona inguru hil zituzten han-, eta baita Madjanek eta Flossenbuerg esparruetakoa ere -170.000 eta 30.000 hil zituzten, hurrenez hurren-. Reinhard Operazioan parte hartu zuen Trawniki taldearen barruan. Alemaniarrek Armada Gorritik preso eraman zituzten soldadu ukrainarrak ziren Trawniki taldeko kideak, baina han aritzeko borondatez erabakitakoak. Kontzentrazio esparruak zaintzeko entrenatu zituzten naziek.
2004an Demjanjukek epaiaren kontra gora jo zuen, baina urtebete geroago epaile batek agindu zuen deportatu behar zutela Ukrainara, Alemaniara edota Poloniara. 2008an, Auzitegi Gorenak erabaki bera hartu zuen. Eta atzo gauzatu zen deportazioa Alemaniara, abokatuek gaixorik dagoela-eta iaztik deportazioa saihesten saiatu diren arren.
Simon Wiesenthal Zentroko nazi bilatuenen zerrendako bigarrena da Demjanjuk, Aribert Heim doktorearen atzetik. Heriotza doktoreari buruz ez dakite ezer 1962tik.
(Berria. 09 / 05 / 13)