Iruñeko Udala hasi da jada Txantreako kale izendegi frankistaren plakak kentzen. Zehazki, atzo goizean hasi ziren Udaleko langileak plakak aldatzen. Guztira, Iruñeko auzo horretan 80 plaka kendu beharko ditu Udalak, abenduaren 1ean izendapen berriak jarriko baitira indarrean. 1954ko udalbatzak erabaki zuen izen horiek jartzea eta, harrezkero, ahalegin ugari egin dira izenak aldatzeko.
Hortaz, frankismoari lotutako izenak dituzten Txantreako 20 kaleek, bi zeharkaleek eta plazak Iruñerriko herrien eta lekuen izenak hartuko dituzte. Adibidez, Alfonso Beorlegui koronelaren kaleak Iruñerria izena hartuko du abenduaren lehenetik aitzina. Mola jeneralaren hurbilekoa zen Beorlegi, eta Irunen (Gipuzkoa) eta Donostian sartu ziren boluntarioen lehen adarretako bat zuzendu zuen. Halaber, Lucio Arrieta, Andres Gorritxo edo Federico Mayo, denak frankismoan ardura politiko handiak izandakoak, ez dira aurki Iruñeko kale izendegian agertuko.
Aurreko otsailean erabaki zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiak kale izendegi zaharra -36ko gerrari eta frankismoari lotutako izenak dituena- bertan behera uztea, Jose Martin Abaurrea Batasuneko Iruñeko Udaleko zinegotzi ohiak aurkeztutako helegite bat onartuz. Erabaki haren aurrean, UPNk helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen hasiera batean; gero, baina, atzera egin zuen, «herritarrek presio ideologikorik jasan ez zezaten».
Iruñeko Udalak ohar bitartez jakinarazi du plaka horiek aldatzeak 50.000 euro balio duela eta, bide batez, Iruñeko beste toki batzuetako seinale eta izendegien 110 plaka gehiago aldatuko dituztela, haietatik gehienak Mendillorri auzoan.
(Berria. 08 / 11 / 12)