Frankismoaren krimenak aztertzen dituen auzia ikertzen jarraitzeari utzi dio Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Erantzukizun penalak eskatzeko zeinengana jo ez dagoela argudiatu du epaileak, erantzule guztiak -tartean Francisco Franco diktadorea- hilda daudelako. Edonola ere, delituak ez direla baliogabe geratu berretsi du epaileak, gizateriaren aurkako delituen ondorio juridikoak gaur egun arte iristen direlako.
Garzonek lurraldeetako auzitegien esku utzi du auziarekin jarraitzeko aukera, besteak beste, hobietan indusketak egiteko. Hego Euskal Herriko, Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako hainbat auzitegiren esku utzi du auzi honekin jarraitu edo ez jarraitu erabakitzeko ardura, besteak beste, Nafarroako eta Bizkaiko auzitegien esku. Epaileak agindutako 25 indusketa horiek geldirik daude oraingoz, Auzitegi Nazionalak aginduta, gai honen gaineko eskuduntza nori dagokion argitu bitartean.
Garzonek indusketak agindu zituen -tartean Nafarroako Ezkabako gotorlekuan- joan den urriaren 16ko autoan. Auto berean auzia ikertzeko eskumena zuela deliberatu zuen. Erabaki horri, ordea, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea jarri zion, eta eskuduntzari buruz Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salako batzarrak laster hartu behar zuen erabakiari aurreratu zaio epailea.
Atzo ezagutarazi zuen autoan epaileak eskatu du 1977ko Amnistiaren Legea baliogabetzeko, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak eskatu bezala. Lege hori baliogabetuta, 1936ko gerraren eta frankismoaren giza eskubideen bortxaketen gaineko egia historikoa jakiteko modua izango dela uste du Garzonek. Halaber, ahaideek biktimak identifikatu eta exhumatu ahal izango dituztela dio.
Umeen auzia
Auzi honen erantzukizun penala oraingoz itxitzat jo badu ere, etorkizunean bideren bat ireki dezakeen atal bat aipatu du Garzonek autoan. Izan ere, frankismoari leporatu dio milaka ume gurasoengandik banatu eta erregimenaren aldeko familiei eman izana. «Horrekin 1940ko hamarkadan milaka ume euren nortasuna galtzeko bidean jarri zituzten». Besteak beste, oraindik biktima batzuk bizirik egon daitezkeela gogorarazi du Garzonek, eta hori beste arrazoi bat da delituak ez direla baliorik gabe geratu esateko. «Frankismoak tamaina kezkagarria hartuko zuen umeen segregazioa egin zuen, erregimenarekiko aldekotasuna babesteko». Ikerketa hori hasierako urratsetan dagoela aipatu du Garzonek autoan.
Magistratuak bere erabakiaren berri eman dio Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salari, eta Espainiako Justizia ministroari. Bi erakundeei ohartarazi die Garzonek: ikerketa galarazteak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren aurka jardutea litzateke. Garzonek gogor jardun du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren aurka, eta orain arte beste auzi batzuetan izandako jarrerari ez diola eutsi leporatu dio Garzonek, eta biktimak babesik gabe uztea egotzi dio. Esaterako, Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" etakidearen kasuan edo Adolfo Scilingo Argentinako militar ohiaren auzian hartutako erabakia -bi kasuak ikertzen ari da- ez dator bat, Garzonen ustez, afera honetan hartu duen jarrerarekin.
«Errealitate hau ahaztea, eta ikerketari trabak jartzeak delituaren ondorioak betikotzearen parekoa litzateke, eta hori, bidegabea izateaz gain, krudela ere litzateke biktimentzat, eta espainiar gizartearen eta nazioartearen giza eskubide oinarrizkoenen aurkako litzateke», esan du.
(Berria. 08 / 11 / 19)