1977ko Amnistiaren Legearen baliogabetzea sustatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak. Frankismo garaiko krimenak ikertzeko, egiaren batzorde bat osatzeko ere eskatu dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari, gutun batean.
«Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak eginiko gomendioak betetze aldera» eskatu dio neurriok hartzeko erakundeak Zapaterori. Halaber, Baltasar Garzon epailearen erabakiaren harira, lurralde auzitegiei gogorarazi die halako delituei ez dietela «amnistia neurriek edo iraungitzeek» eragiten. Fiskaltzak Amnistiaren Legeari helduz jarritako helegitearekin, «nazioartearekiko bere betebeharrak urratze bidean jartzen du Espainia», gehitu du.
Federazioaren ustez, «premiazkoa eta ezinbestekoa da behingoz Espainiak frankismoaren biktimen egia, justizia eta ordainerako eskubideei bide ematea». Izan ere, Memoria Historikoaren Legea aurrerapausoa dela baina ez dela «nahikoa» uste du erakundeak.
(Berria. 08 / 11 / 25)