sábado, noviembre 22, 2008

FRANKISMOA IKERTZEKO BORONDATEA FALTA DELA USTE DU "AHAZTUAK" ELKARTEAK

Ahaztuak 1936-1977 elkarteak uste du borondate politikoa falta dela frankismo sasoiko krimenak ikertzeko. «Hori da kritikagarriena», esan du Martxelo Alvarezek, elkarteko eledunak. «Inpunitatea mantentzearen alde egin dute».
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bigarren autoan hartutako azken erabakia «atzerapausoa» dela esan zuen atzo Ahaztuak elkarteak. Frankismoaren ikerketa lurralde auzitegietara bidaltzea erabaki du epaileak, eta elkarteak uste du «presioengatik» izan dela: komunikabideen, Fiskaltzaren, PSOEren, PPren eta Eliza katolikoaren aldetik egindako presioengatik, Alvarezek esan duenez.
Dena den, «berreskura litezkeen elementuak» ikusten ditu Ahaztuak-ek. Adibidez, 1977ko Amnistia Legea baliogabetzeko proposamena.
Eskaerak eta mobilizazioak
Atal «berri» bat ere ageri da Garzonen azken autoan, milaka ume -12.000 inguru, elkartearen esanetan- gurasoengandik banatzearen ingurukoa. Alvarezek esan du frankismoa «osotasunean» ikertu behar dela, eta umeen auzi hori hedabideek gaia «nahasteko» ahalegina ez ote den susmoa du. Epailearen erabakia frankismoaren biktimentzat «zaplaztekoa» jasotzea izan dela adierazi du Ahaztuak-eko eledunak. Hala eta guztiz ere, jakinarazi du mobilizazioak eta erreklamazioak egiteko asmoa duela elkarteak, eta dinamika sozial ahalik eta zabalena bultzatzen ahaleginduko direla. «Lan egiten jarraitzeko apustua egin dugu, uste dugulako etorkizunera begira egindako apustua dela, daukagun sistema demokratikoaren onerako».
(Berria. 08 / 11 / 22)