domingo, mayo 10, 2009

IZENA ETA IZANA SARTAGUDAN


Sartagudako Memoriaren parkean (Nafarroa) 1936ko gerran eraildako 3.420 nafarren izenak daude jasota. Parkearen xederik nagusiena da 36ko gerran hainbatek jasandako samina aitortzea. Asko joaten dira Sartagudara, senitartekoen omenez loreak jartzera. Urtebete egin du parkeak zabalik, eta 24 izen gehiago jasotzen ditu atzoz geroztik. Atzokoa aspaldiko urteetan bizi izan duen egunik zoriontsuena izan zela adierazi du Aurea Jasok: «Urteetan jasandako samina eta sufrimendua apurtxo bat arindu dira».

Sartagudan izan zen atzo Jaso, senarrarekin batera. 36ko gerra zer izan zen biek badakite. «Bizitza apurtu zidan ditxosozko gerra horrek», dio atsekabetuta. 1936an erail zuten Aurelio Jaso, Aurea Jasoren aita, gaur Madrilen Moncloa jauregia kokatuta dagoen leku horretan. Bi osaba ere erail zituzten, aitaren anaiak biak. Baten izena, Jose Jasorena, iaztik dago Memoriaren Parkeko horman, baina bestearena, Andresena, aitarenarekin batera jarri zuten atzoko ekitaldian.

Aurelio Jaso Melidakoa zen (Nafarroa). Bardetik barrena joan zen gerrara, eta amonari zin egin zion: «48 ordu barru itzuliko naiz ama, zu lasai». Baina ez zen inoiz itzuli, alabak dioenez: «Nire eta nire neben bizia guztiz aldatu zen, apurtu egin zen». Aita Erorien Haranean lurperatuta dagoela uste du: «Jasangaitza egiten zait aita Francisco Franco eta Primo de Rivera lurperatuta dauden toki berean dagoela pentsatzea».

Osabetako bat, Andres Jaso, futbolaria zen. Oso gazte hasi zen Osasunan jokatzen. Ondoren, Valentziako futbol taldean (Herrialde Katalanak) aritu zen urte luzez. Gerra hasi baino lehen Sporting de Gijon futbol taldean aritzen zen. Behin gerra piztuta, jokalariak salbatzearren, kamioi batean sartu zituzten, eta, ihesean, Cangas de Onisen hil zituzten (Asturias, Espainia).

Aurea Jasori malkoak isurtzen zaizkio oraindik bere hiru senitartekoen historiak kontatzerakoan: «Ni beti izan naiz oso sentibera, eta bizi osoan nire barruan gorde ditudan sentimenduak dira». Hiru anai-arrebetan zaharrena da Aurea Jaso. Aita hil zutenean zortzi urte zituen, nebek berriz, zazpi eta hiru urte zituzten: «Gure familia suntsitu egin zen; nik aitaren aldeko aitona-amonekin joan behar izan nuen bizitzera, eta nire bi nebek, amarekin». Aurea Jasok beti jakin nahi izan du aitaren patua. «Aitari buruan tiro egin ziotenean, hiru lagunek jaso zuten; baina nazionalak zetozela ohartu zirenean, tapaki batean bilduta utzi behar izan zuten».

Gustura dago Aurea Jaso Sartagudako Memoriaren Parkean aitaren eta osabaren izenak jarri dituztelako: «Nik nire semeek eta nire bilobek erreferentzia bat izan zezaten nahi nuen». Arrazoi horregatik ez zuen hutsik egin atzo.

Hainbat senitartekok aitaren heriotzarekin izandako jarrerak goibeltzen du Aurea Jaso. Baina Sartagudako Memoriaren Parkeko lehenengo urteurrenean hori guztia ahaztu zaiola uste du. «Ioseba Ezeolazak nire aita eta osabaren izenak horman jarriko zituztela esan zidanean, negarrez hasi nintzen».

Bizian izan ez duen bakea

Ezeolaza Memoriaren Parkeko koordinatzailea eta Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kidea da. Memoriaren Parkeko lehen urteurrena dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Orain arte, Memoriaren Horman idatzi zeuden 3.420 lagunei beste 24 gehitu zizkieten atzo, eta lore eskaintza egin zieten. Herri bazkaria ere egin zuten ekitaldiaren ostean.

«Gehienontzat gune magikoa da Sartaguda». Hala ikusten du behintzat Jasok. Aitaren gorpua ezin izan dutela inoiz berreskuratu dio Jasok, eta horrek atsekabetzen duela. Urte luzez gizarteak eskaini ez dion aitortza Sartagudan aurkitu du. Eta hori guztia ikusita, gauza bat soilik eskatzen dio Jasok bizitzari, urtero Sartagudara joateko osasuna izatea: «Memoriaren Parkean aurkitzen dut urte luzez bizian izan ez dudan bakea».

(Berria. 09 / 05 / 10)