jueves, mayo 28, 2009

FRANKISMOKO IKURRAK KENTZEA AZTERTUKO DU GAUR BARAKALDOKO UDALBATZAK

Ahaztuak 1936-1977 elkartearen ekimenez, oraindik herrian dauden frankismoko ikurrak kentzea aztertuko du Barakaldoko Udalak (Bizkaia), osoko bilkuran. Elkarteak duela hiru aste aurkeztu zuen horri buruzko mozioa Barakaldoko Udaleko erregistroan, eta udalbatza osatzen duten alderdien artean ere banatu zuen, haiek osoko bilkurara eraman zezaten. Azkenean, gaur eztabaidatuko dute.
Mozioan Barakaldon dauden frankismoko ikurren errolda egiteko proposatu dute: argazkiak, kaleen izenak... Halaber, mozioa onartzen denetik gehienez hiru hilabeteko epean ikur horiek kentzeko konpromisoa hartzeko eskatu diote Udalari.
Barakaldoren kasuan, ezer baino lehen, udaletxeko instalakuntzetatik frankismoan agindu zuten alkate eta udal ordezkarien argazkiak kentzea proposatu dute.
Ahaztuak-ek gogorarazi du asko izan zirela II. Errepublikaren alde eta frankismoaren aurka egin zuten Barakaldoko herritarrak. Hori dela eta, dei egin dute osoko bilkuran parte hartzera. «Frankismoko ikurrak benetako iraina eta erasoa dira erregimen hura jasan behar izan zuten biktimen memoriarentzat, baita, demokraziarentzat ere».
(Berria. 09 / 05 / 28)