sábado, junio 27, 2009

ALBERTIA EGUNA. Txarli González Llorente. "Otarte" Iritzi Taldeko partaidea

Uztailaren 5ean ehunka herritar ekintzailek faxismoaren eta Espainiaren batasunaren izenean egindako genozidioaren aurkako gudari haien borrokaren beharra, duintasuna eta gaurkotasuna aldarrikatuko dute Estatu espainiarreko ezkerraren eta Estatuko nazio ezberdinen indar politiko aurrerakoi eta ezkertzaleen historia ere lapurtu digute

Albertiako hariztiek itxura lasaia izango dute aste bukaera honetan. Duela 73 urteko neguan, ordea, lekua infernua izan zen. Albertiako magalean EAE-ANVko 300 gudari inguruk bizitza galdu zuten faxistei aurre egiten. Zazpi hamarkada geroago, gobernu frankisten oinordeko politikoek erabaki dute gudari horiek banda terrorista bat besterik ez zirela.

Datorren igandean -uztailak 5- ordea, ehunka herritar ekintzailek zera aldarrikatuko dute: faxismoaren eta Espainiaren batasunaren izenean burututako genozidioaren aurkako gudari haien borrokaren beharra, duintasuna eta bereziki, gaurkotasuna.

Garai ilunak bizi dira Euskal Herrian. Frankismo genozida garailea izan zen 40 urtetan zehar, eta egun frankismo soziologikoak garaile jarraitzen du izaten. Azken finean, egun bizi dugun oinarrizko eskubide zibil eta politikoen zapalketaren oinarria hartan datza. Gezur historiko eta genozidio baten inpunitatearen gainean eraikitako erreforma politikoan.

Espainiarrek botoek ematen duten legitimazioa ez dute lortu Hego Euskal Herrian, eta indar independentisten ilegalizazioen bidez zein neurririk gabeko Estatuaren bortizkerien bidez, ailegatu dira Gasteizko Lehendakaritzara. Azken finean, ez da urrutira, Iranera, jo behar hauteskundeetan emandako ustelkerien bila, nahikoa da azken hauteskunde europarretan Iniziatiba Internazionalistaren aurkako «putxerazoari» erreparatzea. Berriro Estrasburgoko Auzitegian amaituko da, zalantzarik gabe, bidegabekeria berria.

Nines Maestrok, Izquierda Internazionalistako kideak, zera adierazi zuen Europar hauteskundeko mitin batean: «Esta candidatura es la mejor noticia en décadas para los pueblos del Estado porque ni siquiera en la II República ni en la Guerra Civil hubo una confluencia política de organizaciones de ámbito estatal y organizaciones de la izquierda independentista y soberanista». Oker zebilen ordea. Batasun hori eman zen, 1936. urtean EAE-ANVk (egun ilegalizatutako indar politikoa) parte hartu zuelako «Herri Frontean». Euskaldun ezkertiar eta independentistak kapaz izan ziren estatu mailako ezkerreko mugimendu zabal eta pizgarri hartan parte hartzeko.

Ezker abertzaleak sekula burututako ekimen internazionalista konprometituena burutu zuen abagune hartan. Arecesen, Asturiasen, EAE-ANVko 65 gudarik bizitza galdu zuten internazionalismoaren izenean. Areceseko zelai batean, «El Pradón de los Vascos» izeneko parajean, oraindik aberriratu gabe dauden beraien hezurrak, seguru astindu direla Iniziatiba Internazionalistaren ekimenarekin. Beraiek jorratutako bidea, 73 urte geroago, Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko zenbait nazioetako emakume eta gizon ezkertiarrek berriro sasiz garbitu dutelako. Baina emakume eta borrokalari eredugarri honen huts egite txiki honek zera ekartzen digu gogora. Albertia bezalako data historikoak gogoratzeko beharra.

Eskuinak, eta PSOEko sozialdemokrazia ustelak, ez dizkigute bakarrik egungo askatasun demokratiko eta sozialak lapurtu. Historia, Estatu espainiarraren ezkerraren eta Estatuaren nazio ezberdinen indar politiko aurrerakoi eta ezkertzaleen historia ere lapurtu digute. Bereziki indar politiko eta sozial hauen arteko elkarlanaren historia.

Hori dela eta, beharrezkoa da oroimen historiko eta politikoaren berreskuratze etengabea eta belaunaldi berriei transmititzea. Horregatik, gogora ekarri nahi dut San Andres egunean, 1947. urtean, klandestinitatetik alderdi zaharrak euskal herritarrei igarritako hitzak: «Ez dugu ahaztu behar gure mendietan, edo haietatik urrun, beren bizia eta odola gaur egun lotsagabeki zapaldutako baina hainbat abertzaleren bihotzean bizirik dirauen askatasunaren alde eman zutenak. Beraien oroitzapena, eta bultzatzeko beraien burua sakrifikatu zutenen idealak nagusituko dira eta zehaztuko dituzte, egunen batean, gure aberriaren norabidea eta helmuga.

EAE-ANVk ez du herrien askatasuna gizakiaren beraren askatasun ekonomikorik gabe kontuan hartzen, eta denon onuraren aldeko justizia soziala aldarrikatzen du.

Horregatik, eta bizirik iraunarazteko eta sekula iraungi ez dadin gure egungo zapaltzailearen aurkako matxinadaren garra, eta beraien atzetik etor daitezkeenak ere, emango diguzue, zalantzarik ez dugu, berotasun eta laguntza eskatzen dizuegu, gure gizakien eta abertzaleen sentimenduei ahotsa emanez».

(Gara. 09 / 06 / 27)