sábado, julio 18, 2009

GONOZIDIOA ETA GIZATERIAREN AURKAKO KRIMENA. "Lau Haizetara Gogoan " Koordinakundearen iritzi artikulua

1936ko uztailaren 18ko egun hark Euskal Herriko eta Estatuko herrietako milioika gizon eta emakumeren bizitza aldatu zuen. Militar talde bat -lur-jabeen, gizarteko klase aberatsen eta Eliza Katolikoaren hierarkiaren konplizitatearekin-, herri borondatetik isuritako zilegitasunaren aurka matxinatu zen. Argi zegoen ekintza horrek zer asmo zuen: Estatu espainiarreko herri eta nazioen eskubide sozial, ekonomiko, zibil eta politikoak sistematikoki suntsitzea.

Militar faxisten helburua, errepublikano sozialista anarkista, komunista, laiko, ateo, euskaldun, katalan, galiziar... izateagatik Espainia nazional-katolikoarentzat arrisku izan zitezkeen herritarrak sistematikoki suntsitzea izan zen. Militar kolpezale horiek, eta horiek hauspotu zituzten politiko faxistek, ehunka milaka hilketa burutu zuten, milaka hobi komun ireki zituzten eta horietan ehunka mila errepublikano lurperatu; hamarnaka herritar desagerrarazi zituzten, ehunka mila gosez eta gaixotasunez hiltzea eragin zuten, ehunka mila erbesterarazi (Casanova, J., 2002), milioika lekuz aldarazi, milaka kontzentrazio eta suntsiketa esparruetan (Rodrigo, J.; 2006), eta zapalketa kultural eta linguistiko basatia Estatuko herri eta nazioen aurka.

Ezin da ahantzi suntsiketa eta genozidio gerra hori ezin ahal izango zela aurrera eraman Europako potentzien inplikaziorik gabe; hau da (1), Alemaniaren eta Italiaren parte-hartze zuzenik gabe eta Portugalen inplikaziorik gabe. Horiek erabateko inpunitatez jokatu zuten, armak, hegazkinak eta tropa erregularrak emanez (trebatuak eta modu bikainean ekipatuak), eta (2) Frantziako eta Britainia Handiko gobernuek ardatzaren potentzien parte-hartzea erraztu zuten Esku-hartzearen aurkako hitzarmena-ren eskutik. Hitzarmen horrek praktikan, Frantziako eta Britainia Handiko gobernuen politika aktiboa eragin zuen; are gehiago, uko egin zioten genozidioa ekiditeko etxea utzi eta erbesterako bidea hartu behar izan zuen biztanlego zibilari laguntza humanitarioa eskaintzeari.

73 urte igaro dira milioika biztanlek uko egin behar izan ziotenetik Estatu errepublikano baten baitan bizitza hobeagoa, sozialki berdintsuagoa eta politikoki demokratikoa eraikitzeko gogoari. Baina borrokalari antifrankisten gainean ezarri den ahanzturaren eta isiltasunaren adibiderik argiena gertakizunak oraindik ikertu ez izana da; ez baita ez ikertu, ez justiziarik egin, eta are gutxiago ezarri erreparazio neurririk, nazioarteko komunitateak aholkatzen dituenak.

Oroimen Historikoaren Legea (52/2007 Legea, abenduaren 26a) egoera penagarri honen azken adibidea baino ez da. Lege horren bitartez, bizkar ematen zaie fusilatu eta desagertuen familiartekoei; euren esku uzten du euren senideen paraderoaren ikerketa, eta horien aztarnarik bilatuz gero, baita exhumazioko gastuak ere!

Euskal Herrian gobernu ardurak eduki dituzten agintari eta alderdiak panorama ilun horren errudun zuzenak dira, milaka fusilatu eta desagerturen familiartekoak bazterrean utzi izanagatik, eta horiek ahanzturara kondenatu izanagatik. Gaur da eguna non ez dagoen fusilatuen, desagertuen, edo frontean nahiz gosez edo gaixotasunez hildakoen zentsu ofizialik. Presoen, iheslarien, zapalduen... zentsurik ez da osatu; ez da herritarrek pairatu zituzten inkautazio eta errekisen zentsurik egin.

Milioika hilketekin loturiko erantzukizun penalak zehazteko Bigarren Mundu Gerraren ostean garatu ziren justizia trantsizionalaren prozesuak aurrera eraman baziren, egia, justizia eta erreparazioa benetan gauzatzeko borondateari esker izan zen. Borondate horri esker eraiki ahal izan zen Europako gizartea, iraganeko diktaduren oinordekotzan inondik ere oinarritu gabe, alegia.

Erregimen frankistak utzitako arrastoa gainditzea da, hain zuzen, auzi erabakigarrienetako bat, praktikara eramateke dagoena oraindik Estatuaren kasuan: frankismoan altxatutako botere egituren deuseztatzea, egun oinordeko zuzenek menperatzen eta kudeatzen dituztena. Espainiako inpunitate eredua (Amnesty International eta Nizkor Txostena, 2004) gainditzeko borondate zintzoarekin soilik, eta Euskal Herriko Egiaren Batzordearen eraketaren bidetik, ahalbideratu daiteke egia ikertzea, justizia eraginkorki egiaztatzea eta neurri erreparatzaileak ezartzea (gertaera ez errepikatzeko premiazkoak diren bermeak barne).

(Berria. 09 / 07 / 18)