Oiartzungo memoria historikoa berreskuratzeko helburua duen Kattin Txiki taldeko kide diren Jon Gaztelumendik eta Mikel Mendizabalek, Oiartzungo alkatearen, Aitor Etxeberriaren, babespean, Isiltzen ez den isiltasuna, lurpetik berreskuratutako memoria liburu eta dokumentala aurkeztu zituzten atzo Koldo Mitxelena Kulturunean.
Talde lanaren ondorioz sortutako bi obrak 1936an gauzaturiko Gerra Zibilean hasi zen eta "gaurdaino isilik edo ezkutaturik egon den historia" azaleratzeko helburua dute. Herriko Iragorriko kanposantuan egindako indusketak abiapuntu hartuta, egileek garaiko testuingurua zein zen -mundu, Euskal Herri eta Oiartzun mailan- eta desagertutako pertsonekin, erahilak izan zirenekin, edo Langileen Batailoian zeudenekin, beste askoren artean, zer gertatu zen azaldu nahi izan dute. "Gure herrian aurkitutakoa, gertatutakoa, adierazi nahi genuen, baina modu berean, testuinguru bat behar zuela ikusten genuen", azaldu zuen Gaztelumendik.
Horretarako, dokumentazio lan luze eta oparoa burutu dute, hainbat artxiboetan dokumentu eta informazioa bilatuz, eta Gerra Zibila bizi izan zuten eta egun bizirik dirauten oiartzuarrei elkarrizketak eginez, obrak "jantzi" dituzte.
Lan hauen sorkuntzan "herri guztiak parte hartu duela" nabarmendu nahi izan zuen Oiartzungo alkateak eta, gaineratu zuenez, "lehen bait lehen, baina poliki-poliki, argitara atera behar da zer gertatu zen" gerra garai hartan. Lan hauetaz gainera, gai bera jorratzen duten abesti bat, eskultura bat, margolan bat eta beste hainbat ekimen egin dira.
(Noticias de Gipuzkoa. 09 / 07 / 29)