Frankismoaren itzala luzea da. Egun batetik bestera, albiste gehiago azaltzen ari dira, ahaztu zaizkigunak, berriak izango balira bezala. Duela gutxi entzun dugu Franco eta haren distirako jarraitzaile batzuk, tartean haren emaztea (Lepokoak, goitizenez), oraindik gure herrietako seme (edo alaba) kutunak direla. Psikiatra batek gizartearen gaixotasunaren ondorioa izan zela aipatuko luke. Politikari baten esanetan, orduko ohitura izan zitekeela, eta soziologo batek baino gehiagok gizakia bere garaiaren semea edo alaba dela gehituko luke. Idazlearen idazkerak ezberdinak izango lirateke: «Aro ilunaren zirriborroak besterik ez dira izan». Jakintsu batek errepikatuko du fisikari ospetsu horren esaldia, Jaungoikoak letra okerrekin idazten duela. Eta amaitzeko, historialari batena: «Faxismoaren ezaugarri nagusienetako bat».
Zein da hausnarketa zuzena? Guztiek egiaren zati bat gordetzen dute. Adierazitako ofizio bakoitzeko puska bat partekatzen dut nik ere. Akaso, psikiatrarena gutxiago, bakarrik musean aritzen naizenean. Hala ere, beste arrazoi bat jarriko nuke mahai gainean, beldurrarena. Komatxoen artean. Frankistek buruzagiei beldurra zieten? Argazkian ateratzen ez zenak jai zuen.
Frankismoaren ikurrak gure etxeko azken gelaraino sartu zizkiguten. Udaletan eta foru aldundietan ikur horiei izenak eta abizenak ipini zizkieten, 1936ko gerrako garailearen buruzagienak, hain zuzen ere; Francorena eta Molarena, batik bat. Falange alderdi bakarreko mitoak ere jasan genituen. Tartean, J. A.ren aipamena (Jose Antonio Primo de Rivera, Falangeko idazkari nagusia). Diktadurarekin bat egiten zuten abizenak erabiltzen ziren, J. A.rena izan ezik. Gure senidea omen zelako. Barregarria.
Franco hil zenetik, udalek emandako izendapenak desagertu ziren. Baina ez paperetatik, baizik eta gure girotik. Berehala ahaztu behar genituen berrogei urte haietako hondamendiak. Agian, azkarregi baztertu genuen faxistek egindakoa, sukarra jaitsi behar genuelako. Askatasunaren falta gogorra egiten zitzaigun. Historiako liburuak zakarrontzietara bota genituen, berriak idatzi baino lehen. Eta orain komeriak. Izendapenaren zerrenda uste dugun baino askoz zabalagoa izango da. Ez dut zalantzarik. Beraz, ikerketa sakona egin beharko genuke. Baina... nork jarriko dio txintxarria katuari?
(Berria. 08 / 10 / 30)