viernes, octubre 17, 2008

FRANKISMOKO ETA 1936KO GERRAKO DESAGERTUEN AUZIA IKERTUKO DU GARZON EPAILEAK


1936tik 1952ra, gerran eta frankismoaren zapalkuntzan desagertutakoen auzia ikertuko duela erabaki du Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hego Euskal Herrian desagertutako 13.000 bat pertsona aipatu ditu Garzonek autoan. Euzkadi atalaren azpian 9.459 aipatu ditu, tartean Jaurlaritzak emandako 8.650ak, eta Nafarroan 3.431. Horiekin batera, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan desagertutako beste 100.000 bat lagunen kasua aztertuko du epaileak.

Garzonek gizateriaren aurkako krimentzat jo ditu desagertze horiek eta Francoren erregimeneko 35 goi kargu -besteak beste Francisco Franco diktadorea- arduraduntzat jo ditu. Horien artean daude, esaterako, Emilio Mola jenerala, edota Euskal Herrian jaiotako zenbait buruzagi frankista ezagun, Luis Orgaz Ioldi eta Esteban Bilbao Egia, esaterako. Denak hilda daude, eta haien senide eta ordezkariei heriotza aktak igortzeko eskatu die, haien aurkako auziaren iraungitzea agintzeko. Bidenabar, 1952ra arte Espainiako Falangearen buruak zein izan ziren argitzeko eskatu dio Espainiako Barne Ministerioari, hil diren edo ez jakiteko.

Auzitegi Nazionaleko epaileak indusketak egiteko agindu du 19 hobitan, besteak beste, Ezkaba mendiko gotorlekuan (Antsoain-Nafarroa). Delituen arduradunak hilda daudenez, haien aurkako auzi penalak iraungitzat joko dituela iragarri du Garzonek, eta hobiak dauden tokiko epaitegiek hartuko dutela haiekin zer egin erabakitzeko ardura.

Garzonek 68 orriko autoa kaleratu zuen atzo, eta 1936ko Gerran eta frankismoan desagertutako biktimen senideen 22 elkartek egindako eskaria aintzat hartzeko arrazoiak hartu ditu. Elkarte horien artean dago, besteak beste, Nafarroako Fusilatu eta Desagertuen Senideen Elkartea.

Garzonen arabera, sekula ikertu gabeko delituak atxilotua non dagoen jakinarazi gabeko legez kanpoko atxiloketak dira. Delitu horiek gizateriaren aurkako krimentzat jo ditu, eta ez dira iraungi, bortxazko atxiloketari dagozkion delituak denboran irauten duelako, Garzonen ustez.

Altxamendu planifikatua

Auzitegi Nazionaleko epaile instruktoreak autoan jakinarazi duenez, 1936ko uztailaren 18an hasitako altxamendu edo matxinada armatua «erabaki guztiz planifikatua» izan zen, eta haren helburua zen garaiko Espainiako Gobernuarekin amaitzea, «Nazioaren goi erakundeetan ardura zuten pertsonei eraso eginez, atxilotuz edo fisikoki desagerraraziz». Politika horrek jarraitu zuen Gerra bukatu eta gero ere, epaileak autoan nabarmendu duenez.


Epaileak agindu du ikerketa egingo duela Gerran eta gerra ostean errepresioa pairatu zuten biktima guztiekiko errespetu osoz, haien ideologia dena delakoa izanda. Nolanahi ere, epaileak adierazi du gertaeren azterketa «alderdikeriarik gabe eta modu neurritsuan» eginez gero, ondoriozta daitekeela gerrako irabazleek haien zuzenbidea ezarri zietela galtzaileei, eta Estatuaren tresna guztiak ezarri zituztela martxan altxamenduaren alde borrokatutakoak aurkitu eta identifikatzeko. «Ez zen gertatu gauza bera galtzaileekin, ordea. Gainera, haiek jazarri, kartzelaratu, desagerrarazi eta torturatu zituzten».

133.000 biktimaren inguruko txostena egin dezala eskatu dio zazpi adituk osatutako batzordeari. Desagertuak aurkitu eta identifikatzeaz arduratuko da.

(Berria. 08 / 10 / 17)