domingo, septiembre 27, 2009

FRANKISMOAK FUSILATUTAKOAK POLIZIEN MEHATXUPEAN OROITU DITU AHAZTUAK-EK

Memoria historikoa berreskuratzeko helburuz lan egiten duen Ahaztuak 1936-1977 elkartea gertatzen ari zena sinestu ezinik zegoen atzo. 1975eko irailaren 27an Frankismoak hil zituen bost lagunak oroitzeko, lau ekitaldi antolatuta zituen astebururako. Iruñean egitekoa zuen lehena atzo eguerdian. Derioko hilerrian bigarrena arratsaldean. Gaurko, beste omenaldi bana prestatua ditu Gasteizen eta Zarautzen. Espainiako Auzitegi Nazionalak ekitaldi horiek debekatu egin zituela irakurri zuten antolatzaileek goizean egunkarietan, baina akatsa zela pentsatu zuten. Ezin zela egia izan. Iruñeko udaletxe aurrera elkarretaratzea egitera joan eta pankarta zabaldu zutenean, ordea, ekimena debekatuta zegoela esan zieten kaleko jantzitako poliziek. Hala ere, 150 bat bildu ziren, eta pankarta gordeta bada ere, bertan oroitu zituzten Frankismoak gaur 34 urte fusilatu zituen Jon Paredes Txiki, Anjel Otaegi, Jose Luis Sanchez, Ramon Garcia eta Humberto Baena.
Arratsaldean, Derioko hilerrian batu ziren beste hainbat lagun, hildakoei omen egiteko. Hitzordua jarria zegoen ordurako Ertzaintza bertan zen, eta ekitaldia debekatuta zegoela jakinarazi zieten bertaratutakoei. Pankartarik eta argazkirik erakutsi gabe egin ahal izan zuten elkarretaratzea. Ondoren, Frankismoak 300 pertsona baino gehiago fusilatu zituen hormara joan, eta ikurrina eta ikur errepublikarra jarri zituzten bertan. Gainean, duela 34 urte fusilatutakoen omenezko bost krabelin gorri. Eusko Gudariak eta Internazionala abestuta amaitu zuten ekitaldia, istilurik gabe.
Debekurako argudioak
Goizean, debekuaren berri izan bezain laster, «okerra zuzentzen» saiatu ziren antolatzaileak Auzitegi Nazionalera deituta. Izan ere, Gudari Eguna dela-eta ezker abertzaleak egunotarako antolatuta zituen deialdien zaku berean sartu zituen auzitegiak Ahaztuak-enak. Debekua agintzeko autoak zioen deialdiak Segik eta Ekinek antolatuak zirela, eta, horiek legez kanporatuta daudelako debekatzen zituztela.
Okerraren berri eman zieten Ahaztuak-eko ordezkariek Auzitegi Nazionalari. Karteletan argi geratzen zela bere deialdiek ez zutela besteekin zerikusirik, eta kartelak argi sinatuta zituztela. Hala ere, debekua mantentzea erabaki zuen auzitegiak. Debekuen aurka helegitea aurkeztuko du elkarteak.

(Berria. 09 / 09 / 27)