miércoles, septiembre 02, 2009

DIKTADURA GARAIKO EHUNDIK GORA ARDURADUN ATXILOTZEKO AGINDU DU TXILEKO JUSTIZIAK

Txileko Giza Eskubideetarako Polizia gaur hasiko da Augusto Pinocheten diktadura garaiko ehundik gora buruzagi atxilotzen, Victor Montiglio epailearen aginduz. Iturri ofizialen arabera, 1970eko hamarkadan ehunka lagun desagerrarazteaz akusatuta auzipetu dituzte buruzagi izandakoak. Orain arte, inork ez du horien aurkako salaketarik jarri, eta beraz, haien izenak ez dituzte giza eskubideen urraketen inguruko txostenetan jaso ere egin.
Auzipetutakoen artean daude Txileko armadako bost buruzagi: Cesar Manriquez, Manuel Carevic, Sergio Castillo, Fernando Chaigneau eta Luis Sovino. Horietaz gain, Montiglio epailearen zerrendan daude 45 buruzagiorde, aire armadako hamalau kide ohi, itsas armadako 11, eta Poliziako sei, besteak beste. Barne Ministerioko Giza Eskubideetarako Bulegoko abokatu Boris Paredesek azaldu duenez, urraketen berri izan arren horiek salatu ez zituen jendea ere atzemateko agindu du Justiziak. Asko presoak zaintzeaz eta haiek toki batetik bestera eramateaz arduratzen ziren segurtasun indarretako kide ohiak dira.
Besteak beste, Condor eta Colombo operazioekin, eta Conferencia kalea kasuarekin zerikusia izateaz daude akusatuak buruzagi ohiak. Condor Operazioaren bitartez, Hego Amerikako hainbat diktadorek, elkarlanean, ehunka lagun desagerrarazi zituzten. Colombo Operazioa, berriz, 1975ean oposizioko 119 kideren hilketa ezkutatzeko egindako antolaketa izan zen. Desagerrarazitako gehienak Ezker Iraultzaile Mugimendua talde armatuko kideak ziren.
Duela lau urte, 2005an, Montiglio epaileak Pinochet diktadorea auzipetu zuen Colombo Operazioarekin lotuta, baina buruzagi ohia urtebete geroago hil zen, eta prozesua amaitzeko astirik ez zuten izan. Diktadoreaz gain, baina, garai hartako beste hainbat buruzagi ere eraman dituzte epaitegietara desagertze eta hilketez akusatuta. Besteak beste, Manuel Contreras DINA edo Polizia sekretuko arduradun izandakoa, eta Miguel Krassnoff eta Marcelo Moren armadaburu ohiak.
(Berria. 09 / 09 / 2)