jueves, septiembre 24, 2009

FALANGEA. Aitor Goikoetxea

FalangeaFalange y Tradicion taldeak bere burua ezagutarazi du komunikatu baten bidez. Espainia bat eta handia egiteko jarri duten alearen berri eman nahi izan dute. Hara haien balentriak: Euskal Herriko hainbat herritako kaleetan eta oroitarrietan egindako pintaketak eta mehatxuak, oroitarriak haustea, eta zuzeneko mehatxu bat bederen; Sonia Polo Bilboko txupinerari kartazal batean bala bat igorri zioten. Omenaldi bat ere egin diote Galindo jeneral kondenatuari -ez da Intxaurrondoko jefe-ari egindako lehen omenaldia, bistan da-, Lasa eta Zabalaren oroitarrian pintaketak eginez Tolosan.
Efe berri agentziara igorritako ohar baten bidez, besteak beste, Sonia Polo Bilboko txupinerari -euskal preso baten arreba da- bidalitako gutuna beraiek bidali ziotela esan dute, eta «abisua» izan zela. Eskutitz bat igorri zioten, bere argazki batekin eta bala batekin.
Bera, Lesaka, Iruñea, Sakana, Tolosa, Irun, Oiartzun, Getxo... Falange y Tradicion taldearen balentrien lekuko izan dira. Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, terrorismoa ei da egin dutena, beste zenbait kasutan hala iritzi diote behintzat.
Rodolfo Ares jauna zer egin ez dakiela egongo da, talde horrek «gobernu erregionalera etorri berri den Lopez jaunari ongietorria egiteko» egin baitu egin duena. Berdin Sanz jauna ere. Eta zer esan Auzitegi Nazionaleko Garzon eta enparauak.
Horregatik geratuko ziren denak isil-isilik, eta horregatik izango da ez dutela esan neurriak hartuko dituztenentz, gutxienez hainbat biktima iraindu eta haien senideei samina eta amorrua eragin ondoren.
Gainera, zertarako galdu denbora eta dirua; Eusko Jaurlaritzak ez du dirurik, ETAren aurkako borrokan erabiltzen baititu sos guztia. Hara, falangearen aurka borroka ez egitea ETAren errua izango da.

(Berria. 09 / 09 / 24)