Aste honetan Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota dute bi frankista ezagun omentzeko eta haien alde Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregian plaka bat jartzeko PPk egindako eskaria. Atzera bota dute, nahiz eta PPko eta PSE-EEko batzarkideek aldeko botoa eman.
Javier Ibarra eta Augusto Unzeta. Biak ahaldun nagusiak, biak frankista ezagunak, diktadoreak indarrez egindako altxamenduaren ardatz garrantzitsuak Euskal Herrian. Biek dituzte oroigarriak Foru Aldundiaren egoitzan: plaka bat Unzetak, eta argazki bat Ibarrak. Baina horiek, nonbait, ez dira aski PPko batzarkideentzat.
ETAk hil zituela argudiatuta egin nahi zieten gorazarre PPk eta PSE-EEk; «bizkaitar eredugarriak» zirelako, eta «gure herria gorputz eta arimaz eta eskuzabaltasunez» zerbitzatu zutelako, PPko eledun Arturo Aldekoaren esanetan.
Ez daude itxita frankismoaren zauriak. PPk berak leporatu die memoria historikoaren eremuan lanean ari direnei zauri horietan zirikatzea, iraganeko mamuak pizten ibiltzea. Baina PPk berak zirikatzen ditu, behin eta berriro, irekita dauden zauriak. Oraingoan, adibidez, hark ekarri ditu gogora bi frankistak, nahiz eta jakin biktima askorentzako iraingarria izango litzatekeela haiei toki publiko batean oroigarri bat jartzea. Eta ez da oraingo kontua bakarrik: zeren, batzuetan ahopean, eta besteetan ozen, frankismoarekiko loturak berresten ditu PPk behin eta berriro, eta iraganeko mamuak harrotzen.
Konparazioak ez dituzte gustuko. Hitler eta Franco parekatzea guztiz desegokia zaie, nahiz eta garai bereko aliatu politiko eta ideologikoak izan, adar bereko ezpalak. Espainian ez da hausturarik gertatu frankismoarekin. Horregatik ez dira ikertu garai hartako krimenak, eta biktimen aitortza egin. Horregatik, laster meza emango dute, urtero bezala, Madrilgo Erorien Haranean Francisco anaiaren omenez. Eta horregatik elkartuko dira inolako trabarik gabe era guztietako faxistak milaka biktimen duintasuna iraintzera.
Unzeta eta Ibarraren omenezko plaka jartzea frankismoaren biktimei iseka egitea litzateke. PPk sarri egiten die iseka; frankismoaren krimenak salatzeari uko egiten dion aldiro, esate baterako. PSE-EEk ere iseka egin die, frankista horiek omentzeko proposamenak babesten dituenean, eta frankismoa epaitu beharko lukeen prozesu judizial erraldoia bultzatzen ez duenean.
Alemanian ez litzaioke inori bururatuko, adibidez, Hermann Goering Gestaporen sortzailearen edo Ernst Kaltenbrunner SSetako buruaren aldeko plaka bat eskatzea -heriotza zigorra ezarri zieten biei han-. Han ez dago nazismoa gaitzesten ez duen -eta, are eta gutxiago, hauteskundeak irabazten dituen- alderdirik. Han ez zen egon trantsizio eredugarririk, haustura baizik. Horregatik, Auschwitz izugarrikerien museoa da, ez diru publikoz lagunduta naziei omenaldiak egiteko erabiltzen den tenplua. Beharbada, Hitlerrek ez zuelako gerra irabazi eta 40 urteko diktadura ezarri. Beharbada, horregatik hartzen dira hain diferente hango eta hemengo faxistek egindakoak.
(Berria. 2010 / 10 / 29)