viernes, octubre 15, 2010

FRANCOREN GOTORLEKUA

Espainiako Gobernuak Erorien Haranean (El Escorial, Espainia) hainbat lagin egin ditu han daudenen gorpuak identifikatzeko lehen urrats gisa. Bederatzi errepublikanoren familiak eskatuta hasi dituzte azterlanak. Oraingoz, hobien egoera aztertzen ari dira, baina indusketarik ez dutela egin adierazi du gobernuak. PPk azalpenak eskatu dizkio gobernuari.

Francoren erregimenaren ikur den monumentuan, 34.000 gorpu inguru daude lurperatuta; haietako 1.200, euskal herritarrenak. 14.000 gorpu inguru identifikatu gabe daudela uste dute adituek. «Medikuek aztertu behar dute ea posible den gorpuak exhumatzea», esan zuen atzo Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako lehendakariordeak. Alde horretatik, gobernuaren helburua zehaztu du: lurperatuta dauden pertsonen errolda egitea eta dokumentazio funtsen eta eraikinen egoera arkitektonikoaren azterketa digitalizatua egitea.

1940ko apirilaren 1ean, Francisco Franco diktadoreak, 1936ko gerra irabazi izana ospatzeko desfilearen buru izan ostean, bazkarira gonbidatu zituen Europako hainbat buruzagi faxista ezagun. Bazkaria amaitu ondoren, Guadarramako mendietako txoko batera eraman zituen, Guardamuros deitutako finka batera, El Escorial herrian.

Falangista eta frankista ezagunei eman zien kaudiloak bere proiektuaren berri: «Gure hildakoen tenplua izango da, Aberriaren eta Jainkoaren bidean hil zirenen alde otoitz egiteko mendeetan erabiliko dena». Handik egun gutxira, Pedro Muguruza Elgoibarko arkitektoari eman zion proiektuaz arduratzeko agindua. Kriptaren lanak urtebetean amaituta nahi zituen Francok, eta gainerako lanak bost urtean. Hemeretzi urte behar izan zuten diktadorearen proiektu osoa altxatzeko. Horretarako, 20.000 lagunek lan egin zuten, gehienak preso politiko errepublikanoak.

1959ko apirilaren 1ean inauguratu zuten, «gurutzadaren martirien» omenez. Hitz hauek egin zituen Francok orduan: «Gaizkiaren aurkako ongiaren borroka ez da sekula amaitzen, garaipena handia izanik ere. Inozoa litzateke pentsatzea deabruak amore emango duela; erronka eta mozorro berriak asmatuko ditu, denbora berrietara egokitzeko».

Aste batzuk lehenago ehunka gorpu eraman zituzten Bilbotik eta Gasteiztik, baita Nafarroatik eta Gipuzkoatik ere. Propio egindako hilkutxetan garraiatu zituzten gorpuak: Baziren diktadorearen aldekoak, guztiak identifikatuta; eta baziren haren aurkakoak, «ez ezagunak».

1.194 daude Erorien Haranean, Iñaki Egaña historialari eta ikerlariak egindako ikerketaren arabera. Egaña eta Aranzadiko beste ikerlari bat, Jimi Jimenez, 2008an egon ziren Erorien Haranean ikerketa bat egiten, eta, han bildutako informazioaren arabera, aski zenbaketa zehatza osatu ahal izan dute. Gorpuen erdiak Francoren aldekoenak dira -tartean dira, esaterako, Mola eta Sanjurjo jeneralak, besteak beste- eta beste erdiak aurkakoak. 617 gorpu Arabatik eraman zituzten; 203 Bizkaitik; 231 Gipuzkoatik eta 144 Nafarroatik.

Francoren hasierako asmoa zen erregimenaren aldeko «martiriekin» betetzea mausoleoaren hobiak. Baina familia askok uko egin zioten hara gorpuak eramateari, eta orduan errepublikanoen gorpuekin betetzeari ekin zioten, hango eta hemengo hobi komunetatik hartuta.

Iñaki Egañaren iritziz, «ezer gutxi» egin daiteke gorpuak identifikatzeko: «Teknikoki ezingo dute ezer egin bertan dauden gorpuekin. Lehenago sartu izan dira auzitegiko medikuak bertara ezkutuan indusketak egitea, eta esan dute ez dagoela zer eginik. Nahi dutena antzeztuko dute, baina ezinezkoa da gorpuak identifikatzea».

Aranzadiko ikerlariek informazio ugari lortu zuten Erorien Haranean, baina gorpuen identifikazioak bermatuko luketen agiririk ez. «Informazio ugari jakinak dira: nondik eraman zituzten gorpuak, nola, zenbateko gastua egin zuten bidaian, non geratu ziren bazkaltzen... Ñabardura ugari ezagunak dira, baina hildakoen nortasunari buruz, ezer ez. Nafarroaren kasuan, esaterako, badakigu gorpu batzuk Corellatik eraman zituztela... Beraz, Corellan zeintzuk fusilatu zituzten badakigunez, ondorioa erraza da: haiek dira Erorien Haranera eramandakoak. Gipuzkoaren eta Bizkaiaren kasuan, berriz, ezinezkoa da».

Nafarroakoak dira, hain zuzen ere, Erorien Haranetik berreskuratu eta Euskal Herrira ekartzea lortu dituzten gorpu bakarrak. 1978an bi autobusetan joan ziren Madrilera, eta 114 gorpu berreskuratu zituzten. Ika-mika handiak izan zituzten, baina gogor egin zuten, eta lortu egin zuten gorpuak hartzea eta ekartzea.

Euskal herritar ezagunak ere egon daitezke Erorien Haraneko hobi komun itzeletan. Esaterako, Gasteizen fusilatu zuten Estepan Urkiaga Lauaxeta poeta, eta Jose Ariztimuño Olaso Aitzol apaiz, politikari, kultur eragile eta idazlea. Aitzol itsasoan atxilotu zuten, Bilbora zihoala. Donostiako Ondarretako espetxean kartzelatu, eta Hernaniko hilerrian fusilatu zuten. Hernaniko hilerrian ez dute inoiz aurkitu haren arrastorik, eta Egañak uste du ez litzatekeela harritzekoa Erorien Haranera eraman izana. Gipuzkoatik bidalitako 11 gorpu identifikatu gabe daude oraindik.

1959 eta 1963 bitartean eraman zituzten gorpuak Erorien Haranera. Besteak beste, Otxandioko kanposantuan zeudenak, alegia, Legutioko borroka ezagunean hildakoak.

Francoren aldeko mezak

Erorien Harana fraide benediktarrek kudeatu dute sortu zenetik. Oraindik ere hala egiten dute, eta besteak beste, Francisco Franco eta Jose Antonio Primo de Riveraren aldeko mezak egin izan dituzte. Azkena, iazko azaroaren 20an egin zuten, Erorien Haraneko abadian. Hori salatu zuten berriki Espainiako Senatuan egin zuten bilkura batean, non Espainiako Gobernuari eskatu zioten Erorien Haranaren kudeaketa eta funtzionamendua egoki diezaion Memoria Historikoaren Legeari. Bakarrik PPk bozkatu zuen horren aurka.

Iñaki Anasagastik (EAJ) Senatuan adierazi zuen barruak eskatzen ziola monumentua birrintzeko, «Kwai gaineko zubiarekin eta Hirugarren Reicharen kantzelergoarekin egin zuten moduan». Baina segidan aitortu zuen Francisco anaia akaso esnatuko dela horrela, eta ez zela komeni. «Gogorarazi nahi nuen onartezina dela Francisco anaiaren aldeko mezak egitea. Inori ez litzaioke okurrituko Alemanian Adolfo anaiaren edo Italian Benito anaiaren aldeko mezak egitea».

Erorien Haranak erakusten du Espainian frankismoa oraindik ere bizirik dagoela, EAJko senatariak adierazi duenez. «Izugarrikerien museoa egin beharko litzateke han, hau da, Auschwitz edota diktadurekin lotutako beste leku ikur batzuekin egin den moduan. Baina Espainia ezberdina da, eta oraindik ere Francoren aldeko mezak egiten den lekua dago Erorien Haranean... Eta ez da ezer gertatzen».

Anasagastik dioenez, Erorien Haranak erakusten du frankismoaren eta egungo egoeraren artean ez dela benetako trantsiziorik gertatu, «batzuk ahoa bete hortz trantsizio eredugarritzat» hitz egin arren. «Ohorezko mezak egiten zaizkio diktadoreari, bisita turistikoak antolatzen dira, diktadorea bai, baina diktadore jatorra delako ideia ematen dute».

Laginak egitea ondo iruditzen zaio Anasagastiri, orain arte «ezer ez» delako egin. «Zerbait egiten hasten bagara, bertan dauden milaka errepublikanoak identifikatzeko aurreratzen hasiko gara, pixka bat bada ere».

Monumentua birrindu beharko litzatekeela esateagatik kereila jartzeko mehatxua egin dio Erorien Haranaren aldeko elkarteak Anasagastiri. «Ez dut uste ausartuko direnik», adierazi du.

340.000 euro urtean

Erorien Harana frankismoaren «zigorgabetasunaren» eta haren ikurren jarraipenaren eredua da, Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko eledunaren iritziz. Gobernuaren rola kritikatu du bereziki Alvarezek. Haren ustez, Erorien Haranean ez dago senide batzuen ahalegin legitimo hutsa senideen hezur batzuk berreskuratu eta lekuz aldatzeko. «Erorien Harana hilobi erraldoi bat da, zeinera estatu osoko hilobietatik eraman ziren gorpuak. Uste dugu frankismoaren aurkako prozesu judizial handiaren abiapuntua izan beharko lukeela Erorien Haranak, genozidioaren eta gizateriaren aurkako krimena frogatuko lukeen lekua», dio Alvarezek.

Ahaztuak elkarteko bozeramaileari ez zaio harrigarria egin laginak epailerik gabe eta erdi ezkutuan egin izana. «Estatuko hainbat tokitan ari gara indusketak egiten modu berean, epailerik gabe eta erakundeen erabateko apatiarekin. Horrek erakusten du, berriz ere, zer zigorgabetasun duen frankismoarekin lotutako guztiak».

Alvarezek gogoratu du urtero 340.000 euro ematen dizkiela Espainiako Gobernuak Erorien Harana kudeatzen duten benediktarrei. «Elizaren eta frankismoaren konplizitatearen sinboloa da toki hau, eta izaera sakratua kendu beharko litzaioke».

Besteak beste, bertan dauden identifikatu gabeko gorpuen zerrendarik, edo bestelako informaziorik badute, gizartearen eta biktimen senideen esku utzi beharko lukete benediktarrek, Alvarezen ustez, hain zuzen ere, frankismoaren aurkako prozesu erraldoiaren froga moduan erabiltzeko. «Horrelakorik egiten ez den bitartean, egungo erregimenak duen minbiziarekin bizitzen jarraitu beharko dugu».

Ahaztuak-ek ez du gustuko gobernuaren jarduera, eta ez zaio iruditzen bide zuzenetik doanik. «Hauteskunde mugimendu baten itxura hartzen diogu egiten hasi den hau guztiari, eta dugu ikusten frankismoaren aurka benetan jarduteko asmoa. Marketin hutsa da, eta salatu egingo dugu. Memoria historiko demokratikoak indar nahikoa hartu du, puntu eta aparte egiteko moduan. Frankismoaren zigorgabetasunean tematzea iseka egitea da biktimei eta gizarte osoari».

Europako Kontseiluak iaz salatu zuen Erorien Harana

Txosten baten bidez, Europako Kontseiluak salatu egin zuen Erorien Haranarekin gertatzen ari dena. Izan ere, diktaduran sortua izan arren, demokrazia garaian jarraitu baitu bere jarduera. Kontseiluaren iritziz, oroimenaren museoetan gorde beharko lirateke halakoak, ez badira eraitsi nahi.

«Gobernuak ez du garden jokatu gai honekin; argia eta takigrafoak behar dira»

EMILIO SILVA (Memoria Historikoa Berreskuratzeko Espainiako Elkarteko lehendakaria)

1.194 Euskal herritarren gorpuak.

Iñaki Egaña eta Jimi Jimenez Aranzadiko ikerlariek egindako azterketaren arabera, 1.194 euskal herritar daude Erorien Haranean lurperatuta. Haien erdiak diktadorearen aldekoak, eta beste erdiak kontrakoak.

Madril Inperialaren Bidearen ardatzetako bat da

Madrilgo Erkidegoak Madril Inperialaren Bidea eskaintzen die turistei. Besteak beste, El Escorialgo San Lorenzo monasterioarekin eta Austriarren inperioaren ondare historikoarekin batera eskaintzen dute Erorien Haranerako bisita. Eta, hain zuzen ere, hura da turista gehientsuen jasotzen duen tokia.

Falangeak kereila jarriko du gorpuak «laidoztatzeagatik»

Espainiako Falange Alberdi ultraeskuindarrak iragarri du gobernuaren aurka kereila bat jarriko duela, Erorien Haraneko «gorpuen laidoztatzeagatik». Falangeak epaileei galdetuko die ea gorpurik ukitu den orain arte egin diren azterketetan. Gobernuak ukatu egin du indusketarik edo lekualdatzerik egin izana.

Jose Antonio Primo de Rivera izan zen lehen lurperatua
Jose Antonio Primo de Rivera Espainiako diktadorea izan zen Erorien Haranean lurperatutako lehena. «Heroi eta martiri» moduan eraman zuen Francok hara El Escorialgo monasteriotik. Francok berak konbentzitu zuen bere familia, eta 1959an eraman zuten falangista boluntarioek eta Francoren guardiakoek.

(Berria. 2010 / 10 / 15)