“Bakea eta Berradiskidetzearen aldeko IV. Gernika sariak” Kandido Saseta Eusko Gudarosteko komandante izandakoaren eta Dekha Ibrahim Abdi keniarraren omenezkoak izango dira aurten. Hona hemen euren inguruko informazioa:
Kandido Saseta Etxebarria
Kandido Saseta Hondarribian jaio zen 1904ko abenduaren 12an eta Asturiasko frontean hil 1937ko otsailaren 23an. Espainiako armadan intendentzi kapitaina izan zen. Espainiako Gerra zibila piztu zenean Kandido Sasetak Eusko Jaurlaritzari eskaini zion bere burua Euzko Gudarosteetan esku hartzeko. Militar prestaketa zeukan abertzale bakarrenetakoa izan zen bertan.
Abuztuaren 5ean iritsi zen Loiolako Santutegira eta bertatik Zarate, Belkoain, Ernio, Lekeitio, Kalamua, Eibar, Intxorta, Ubidea eta Itxaindioko babeslerroak eratzen ibili zen. Bitan zauritu zuten: bata Andatzan (Andoain) eta Legution (Araba) bigarrena. Valentzian zegoen Errepublikako gobernuak eskatuta Asturiasera abiatu zen.
Sasetaren karisma handia ez zen Jaurlaritzaren batailoietan bakarrik mirestua; EAE-ANV gudari abertzale, CNTko sindikalista, PSOEko militante eta PCEko milizianoen artean ere miresten zuten. Asturiasera joan zedin eskatutakoan Agirre lehendakaria ataka gaiztoan jarri zuten Jaurlaritzako eskuindar eta kristau integrismoaren aldekoek. Haien ustez, euskotarrek Malato zuhaitzaz haratago zein Euskaditik kanpo ez gudukatzeko Aitorren, Jaun Zuriaren, Haroko Diegoren eta antzekoen lege zaharra edo zaharkituari men egin behar zitzaion.
Saseta Aracesen hil zuten oste frankistek eta berarekin batera 55 gudari. Telesforo Monzonek kanta bat eskaini zion eta Eustakio Mendizabal "Txikia"rekin parekatu zuen.
Dekha Ibrahim Abdi
Dekha Ibrahim Abdi keniarrak, “Right Livelihood” fundazioak eskainitako Nobel Sari alternatiboa eskuratu zuen 2007an, Estokolmon ospatutako ekitaldian. Egoera etniko eta kultural ezberdinetan diferentzia erligiosoak nola bazter daitezkeen erakusteagatik eman zioten saria.
Emakume honek, Keniako Wajir eskualdean bizi diren etnia ezberdineko taldeen artean elkarrizketa eredu arrakastatsua jarri zuen abian 90. hamarkadan, urte luzez, gatazka belikoa pairatu ondoren. Uganda, Etiopia, Sudán eta Sudafrikako herrialdeentzat eredu bilakatu da berak martxan jarritako sistema.
(Berria-Busturialdeko Hitza. 08 / 04 / 17)