Aste honetantxe, apirilaren 26an, ospatuko da Hondarribian (Sasetaren jaioterrian) berriki aurkitutako gorpuzkinen ehorzketa.
Francoren tropek, 1936ko urriaren 7an, Nafarroa, Gipuzkoa eta Araba okupatu ondoren, Bizkaia ere mehatxatzen zutelarik, Jose Antonio Agirre lehendakariak egin zuen zina Gernikako zuhaizpean. Inbasoreen kanoikadak entzuten omen ziren jadanik Batzar-etxean. Ezin larriagoa zen egoera, memento historikoa.
Eta egoera horietan balio aparta dute ekitaldi sinbolikoek.
Lau gudari konpainia bildu zituzten. Lehendakari berriak horiek ikuskatzea erabaki zuen. Ekitaldiko kide nor hartuko? Zalantzarik ez: Kandido Saseta, Eusko Gudarosteko komandante berria.
Bere buruaz ahaztuta, arrisku handienak hartuz egin zuen borroka, eta hiru aldiz zauritua izan zen.
Diziplina hutsez (Sasetak gudariak Euskal Herritik atera nahi ez zituelako), mendebalderantz abiatu zen.
Eta Gernikako gertakarietatik bost hilabete ozta paseak zirelarik, 1937ko otsailaren 23an, Arecesen hil zen, Asturiasen.
71 urte luze joan dira geroztik. Baina mirariz ia-ia, eta lekuko batzuen testigantza miresgarriari esker, Sasetaren gorpuzkinak aurkitu dira.
Heldu den larunbatean, hilak 26, hartara, Sasetaren gorazarrea egingo da Gernikan goizean eta Hondarribian arratsaldean. Udaletxean aurrenik eta kanposantuko ehorketaz gero.
Agur eta ohore , Komandante!
(Berria. 08 / 04 / 23)