jueves, abril 24, 2008

ASKATASUNAREN ALDE HILDAKOEI GORAZARREA ZALDIBARKO SANTAMAÑEZARREN


1937ko apirilaren 24an tropa faxistak Zaldibarren mugara heldu ziren, Intxortako lubakiak eta gudarien eta milizianoen erresistentzia hautsi eta gero. Hurrengo egunean, 25ean, Zaldibarko Santamañezarrera heldu ziren goizaldean, eta bertan berriro hautsi zuten gudarien eta milizianoen erresistentzia, horiek gogor ahalegindu arren zeukaten arma gutxi eta zaharkituekin.

Santamañezarren borroka latza eta odoltsua gertatu zen 1937ko apirilaren 25ean, eta berrogeitaka gudarik eta milizianok galdu zuten euren bizia. Beharbada, ospetsuenak Abellaneda batailoiko Castet kapitaina eta Zubeltzu tenientea izan ziren.

Ondoko egunetan, gudarien eta milizianoen erresistentzia gaindituz, tropa faxistak Durangaldeko herrietan sartu ziren, ikara eta heriotza zabalduz.

Aurten, 71 urte betetzen direnean, Durangaldeko eta Euskal Herriko Oroimen Historikoaren inguruan dihardugun hainbat elkarte batu egin gara faxisten aurka egiten ahalegindu ziren gudariei eta milizianoei gorazarrea egiteko. Horregatik, apirilaren 27an, Zaldibarko Santamañezarren elkartuko gara, lubakiak egon ziren lekuan, goizeko haamaiketan. Bertan omenaldi xumea egingo diegu: lore eskaintza, txalaparta, trikitixa, hitzalditxoa eta egun horretan ibilitako gudari bati oroigarria emango zaio.

Eskutitz honen bitartez omenaldira etortzeko gonbita egiten dizuegu. Goizeko hamaiketan Santamañezarren, edo hamarretan Zaldibarko udaletxean Santamañezarrerantz abiatzeko. Zatozte gurekin geure herriaren askatasunaren alde egin zutenak omentzeko eta goratzeko!

***Gaizka Zabarte, Andoni Barreña eta Maite Arrizabalaga. Castet (Zaldibar), Andikona (Otxandio), Berriz 1936 Gogoratzen, Durango 1936 eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteen izenean.

(Berria. 08 / 04 / 24)