Memoria historikoa mantendu eta jazoera tamalgarri hura berriro gerta ez dadin, Udalak eta herriko zenbait elkartek hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen egun eta asteetarako. Ekintza ugari prestatu dituzte Apirilaren 26rako, bonbardaketaren urteurrenerako.
Goizeko 10:30etan emango zaio hasiera egunari, Lizeo Antzokian izango den Idem-ek kaleratutako “El Bombardeo de Gernika” deritzon liburuaren aurkezpen ekitaldiarekin. Ordu erdi beranduago, 11:00etan, Michel Janper eta Johan Block, “Gerrako haurrak” eta “Gerrako fusilatuen senideak” elkarteen ordezkariekin izango da bilkura, Lizeo Antzokian. 11:30ean egingo da leku berean “Bakea eta Berradiskidetzearen aldeko IV. Gernika sarien” banaketa ekitaldia. Aurtengo sarituak Kandido Saseta Etxebarria eta Dekha Ibrahim Abdi keniarra izango dira. Saria emateaz gain, Kandido Sasetari omenaldia egingo zaio Batzar Etxean, 12:30ean.
Arratsaldean, 15:45ean, sirena hotsa izango da entzungai Pasealeku inguruan, eta ostean hildakoen aldeko elizkizuna eta lore eskaintza egingo dira Zallo hilerrian. Ekitaldi horietan ordezkari politiko eta instituzionalek parte hartuko dute. Dagoeneko baieztatu dute partehartzea Alemaniako Errepublika Federaleko Kontsul honorarioak, Horst José Boogen Heudorf Jaunak, Nicholas Rankin biografoak, George Steer kazetariaren semeak, Pforzeimeko, Septfondseko eta Bergako ordezkari politikoek, Joseba Azkarraga Justizia Sailburuak, Gernika-Lumoko alderdi politiko guztietako ordezkariek, Busturialdeko udal ordezkariek, Johan Blockek eta Michel Janperrek, Ahaztuak taldeko kideek, Sasetaren Aldeko Taldeko kide eta senitartekoek eta bonbardaketaren zenbait biktimek.
DATOZEN ASTEETAKO EGITARAUA
* Ekainaren 15era arte. `Remigio Mendibururen Gernika´ izenburupean, erakusketa Euskal Herria museoan.
* Ekainaren 22ra arte. `Ringelblum artxiboa. Varsoviako ghettoaren historia ezkutua´ erakusketa. Bakearen Museoan.
* Apirilaren 19an. Bakearen Museoaren 10. urteurreneko jaialdia. Sarrera dohainik, bisita gidatuak, umeentzako ludoteka eta graffiti erakustaldia (11:30-13:30/16:00-19:00 h) eta txokolatea urreratzen diren guztientzat (18:30-19:00).
* Apirilaren 22an. Hitzaldi-solasa: `Hilobi izkutuak hustuz, duintasuna berreskuratu: Guda Zibileko hilobi ikerkuntzaren balio sinbolikoa´. Hizlaria: Francisco Etxeberria (Aranzadi). Antolatzaileak: Gernikazarra, Bake Leku Txokoa eta Kultur Etxea. Elai-Alai aretoan, 20:00etan.
* Apirilaren 23tik 25era. Bakearen eta kulturaren Nazioarteko XVIII. jardunaldiak: Kosmopolitismoa eta Tokiko Bakegintza´. Tailerrak eta mahainguruak. Antolatzailea: Gernika Gogoratuz Aztertegia. Elai-Alai Aretoan, goiz eta arratsaldez.
* Apirilaren 24tik maiatzaren 10era. `GERNIKAKO BONBARDAKETA AGIRIETAN´ erakusketa. Bibliografia, prentsa dokumentuak, argazkiak, dokumentalak... Laguntzaileak: Bakearen Museoko Dokumentazio Zentroa eta Gernikazarra Historia Taldea. Kultur Etxean.
* Apirilaren 24an. Zine Kluba, Gernika-Lumoko bonbardaketaren 71. urteurreneko gerra aurkako ziklo-laburra: `Redacted´. Antolatzailea: Zine Klub elkartea. Elai-Alai aretoan, 20:30ean.
* Apirilaren 25ean. Zortzi artistek margotutako `Guernica´-ren gaineko horma-irudiari omenaldia. Artista batek parte hartuko du, `Artea eta konpromiso politikoa´ gaiari buruz hitz egiteko. Antolatzailea: Gernika Batzordea. Institutuan, goizez.
* Apirilaren 25ean. - Zine Kluba: `Mirando al cielo´. Antolatzailea: Zine Klub elkartea. Elai-Alai aretoan, 20:30ean.- Maskarada taldearen `Picasso 1937, historia del Guernica´ antzezlana. Lizeo Antzokian, 20:30ean.
* Apirilaren 26an. - Doako sarrera Bakearen Museora eta bisita gidatuak 12:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 18:00etan. - `El bombardeo de Gernika´ liburuaren aurkezpena. Lizeo Antzokian, 10:30ean.- `Gerrako haurrak´ eta `Gerrako fusilatuen senideak´ elkarteetako ordezkariekin bilkura. Lizeo Antzokian, 11:00etan.- Bakea eta berradiskidetzearen aldeko IV. Gernika sariak. Antolatzailea: Gernika-Lumoko Udala. Lizeo Antzokian, 11:30ean. - Kandido Sasetari omenaldia. Gernika-Lumoko Udala eta Kandido Sasetaren Aldeko Taldea. Batzar Etxean, 12:30ean.- Sirena hotsa Pasealekutik, 15:45ean. Antolatzailea: Gernika Batzordea. - Bonbardaketan hildakoen aldeko elizkizuna eta lore eskaintza. Zallo Hilerrian, 16:30ean. Antolatzailea: Gernika-Lumoko Udala.- Manifestazio isila kandelekin, 21:00etan. Antolatzailea: Gernika Batzordea.- Kontzertua: Fermin Valencia. Elai-Alai aretoan, 22:00etan. Sarrera doan. Antolatzailea: Arrano Kultur Elkartea.
*Apirilaren 27an. Bonbardaketan bizirik atera zirenen XII. Topaketak. Lagunarteko bazkaria Zallo Barri Jatetxean. Antolatzailea: Gernika- Lumoko Udala.
*Maiatzaren 29an. - Erakusketa, `Esklabutza frankismoan: errepideak eta fortifikazioak mendebaldeko Pirinioan´. Antolatzailea: Memoriaren bideak. Ekainaren 12ra arte, kultur etxean.Kultur Etxean- Hitzaldia: `Esklabutza frankismoan: errepideak eta fortifikazioak mendebaldeko Pirinioan´. Hizlariak: Fernando Mendiola eta Edurne Beaumont. Kultur etxean, 19:30ean.
* Ekainaren 5ean. Hitzaldia `Memoria demokratikoa´ izenburupean. Hizlaria: Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak. Kultur Etxean, 19:30ean.
(Berria. Busturialdeko Hitza. 08 / 04 / 17)