Errepublika egunaren atarian, Iruñeko Gaztelugibelan fusilatu zituzten 298 herritarrei omenaldi beroa egin zieten atzo Nafarroako hiriburuan, erail zituzten toki berean. Haietako sei Iruñeko Udaleko zinegotzi ziren. Ekitaldia Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak antolatu zuen, eta jendetzak bat egin zuen. Ekitaldi hunkigarria izan zen, eta senitartekoak ardatz izan zituena. Haiek irakurri zituzten gutunen bidez, fusilatuak ere bai. Lore eskaintza egin zuten haien alde, eta Aritz Ibañezek aurreskua dantzatu zien. Fusilatuen Senitartekoen Elkarteari eta Alargunen Herri Elkarteari esker, "Memoriaren Parkea" zabalduko da Maiatzaren 10ean Sartagudan (Nafarroa).
Eibarren (Gipuzkoa), berriz, 300 bat lagun bildu ziren atzo 1931ko II. Errepublikaren aldarrikapena gogoratzeko, Ahaztuak 1936-1977k deituta. Casimiro Perez frankismoaren kontrako Eibarko militante historikoak igo zuen bandera errepublikarra. Casimiro Perez Roberto Perezen aita da: Roberto Perez guardia zibilek hil zuten 1970ean, Burgosko prozesuaren kontrako manifestazio batean. Atzoko ekitaldian Casimiro Perezek eskerrak eman zizkion Eibarko herriari, 1931ko apirilaren 14an «nerabe baten begiekin bazen ere, askatasunaren itxura ikusteko aukera emateagatik». "Gora errepublika! Gora herri borondatea" zioen ekitaldiko pankarta nagusiak.
(Berria. 08 / 04 / 13)