martes, abril 22, 2008

KANDIDO SASETA OMENDUKO DUTE HONDARRIBIAN ETA GERNIKAN

Gernikako (Bizkaia) bonbardaketaren 71. urteurrena gogorarazteko ekitaldiekin bat eginez, omenaldi bikoitza jasoko du Kandido Sasetak (Hondarribia, 1904) larunbatean Gernikan (Gipuzkoa) eta Hondarribian (Gipuzkoa). Euskal gudarien batailoiaren buruzagia izan zen Saseta. «Kandido Saseta omentzeko ez ezik, ekitaldiak Euskal Herriaren, askatasunaren demokraziaren eta giza justiziaren alde eta faxismoaren aurka borrokatu zutenak gogoratzeko balio izatea nahi dugu», adierazi zuen atzo Martxelo Alvarezek, Ahaztuak 1936-1977ko kideak. Duela aste batzuk aurkitu ziren Sasetaren gorpuzkinak Areces herrian (Asturias, Espainia). Hala, hura gogoratzeko beharra ikusten zuten Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, Kandido Sasetaren Aldeko elkarteak, Telesforo Monzon fundazioak, Gernikako Udalak eta Hondarribiko Udalak.

Bi zati izango ditu omenaldiak. Goizekoa Gernikan egingo da. 11:30ean, Lizeo antzokian, bakegintzan nabarmendu direnei ematen zaien Gernika Saria jasoko dute Kandido Saseta zenaren senideek. Ondoren, 12:30ean, Gernikako Juntetxean, Sasetaren «memoria eta balioak» gogoratzeko ekitaldia egingo da. «Oso ekitaldi hunkigarria izango da, oraindik bizirik dauden hainbat gudarik hartuko baitute parte». Sasetaren gorpuzkinak aurrean dituztela, gudariek ohorezko guardia bat egingo dute. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ikurrak izango dituzte berekin ekitaldian zehar.

Arratsaldean, haren sorterrian, Hondarribian, egingo zaio gorazarre. Kale Nagusian harrera egingo diete herritar eta udal agintariek Sasetaren gorpuzkinei (16:30). Handik udaletxera abiatuko dira, eta han ekitaldi ofiziala egingo da. 17:45 aldean azken agurra egingo zaio Sasetari Hondarribiko hilerrian. Elizkizun labur baten ostean, familiak hartuko du hitza. Hantxe izango dira bizirik dauden Sasetaren senide guztiak, tartean Mexikotik etorritakoak. Ondoren, lur emango diote.

(Berria. 08 / 04 / 22)