Hirurogeita hamaika urte geroago lur azpitik lur azpirako bidaia egin dute Kandido Sasetaren gorpuzkinek. Arecestik (Asturias, Espainia) Hondarribira (Gipuzkoa), jaioterrira, Gernikan (Bizkaia) geldialdia egin ostean. Baina Asturiasko mendi bide baten ondoan galduta eta ia ahaztuta egotetik, Hondarribiko hilerrira eraman dituzte gorpuzkinak. Senideen, agintarien eta herritarren omenaldia jaso ostean.
Kandido Saseta Eusko Gudarosteko komandante burua 1937ko otsailaren 23an hil zuten, gudaroste frankistek, Arecesen. Harekin batera, hainbat gudari euskaldun ere hil zituzten Asturiasen. Sasetaren gorpuzkinak aurkitu zituzten inguruan, Euskaldunen zelaia esaten zaion lekuan, 80-100 gudariren gorpuzkinak daudela uste dute. Guztiak frankisten menpe zegoen Oviedo (Asturias, Espainia) berreskuratzera joan ziren.
Kandido Sasetak itzulerako bidaia osatu zuen atzo, Gernikan aurrena eta Hondarribian ondoren. Goizean Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko IV. Gernika saria jaso zuten bere senideek, bere izenean. Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrenean. Dekha Ibrahim Abdi bakezale kenyarrak ere jaso zuen atzo Gernika saria.
Saria jasotzeaz gain, omenaldia egin zioten Gernikako Juntetxean, Ahaztuak 1936-1977 eta "Sasetaren Aldeko Elkartea"k antolatuta. Mexikotik Euskal Herrira etorritako senideek eraman zituzten Kandido Sasetaren gorpuzkinak Gernikako arbolaren gerizpera: Jon De Luisa Saseta ilobak eta Arantxa Saseta ilobaren semeak, Iker Zarraga Sasetak. Gernikan bertan izendatu zuten Kandido Saseta Eusko Gudarosteko komandante, 1936ko urrian.
Omenaldian izan ziren, besteak beste, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko lehendakaria, Kepa Bereziartua EAE-ANVko lehendakaria eta Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea (Gipuzkoa). Baita oraindik bizirik dauden gudariak eta hildako gudarien senideak ere. Izan ere, atzoko omenaldia, Sasetari ez ezik, 1936ko gerran hildako guztiei eta bizirik atera zietenei eskaini zieten. «Herri baten aske izateko eta aske bizitzeko gogoei». Sasetak sinbolizatzen duen herriari: «Demokraziagatik, askatasunagatik, justiziagatik eta herrien burujabetzagatik hil ziren». Harekin batera hil ziren guztien izenak entzun ziren atzo goizean Gernikan, Eusko Gudariak-en biolin doinuek lagunduta.
Bukaeran hainbat lagun pasa ziren Kandido Sasetaren gorpuzkinen aurretik. Batzuk ukabila goian. Besteak isilik. Gudariak malkotan.
Arratsaldean Kandido Sasetaren senideen eskuetan iritsi ziren gorpuzkinak Hondarribiko udaletxera. Kale Nagusiaren bi aldeetan, jendetza. Udaletxeko areto nagusia, beteta.Aretoaren erdian, Beti Aurrera batailoiaren ikurrina historikoa.
ABERTZALE CEUTAN
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak Sasetaren izaera nabarmendu zuten. Besteak beste, leku guztietan agertzen zuela bere abertzaletasuna, eta guztiek errespetatzen zutela. Horren adibide, Ceutako kuartelean zegoela bere gelako atean idatzita zeukana: «Hemen sartzen dena Euskadin da. Euskalduna bazara, hitz egin euskaraz. Abertzalea bazara, deiadar ezazu nirekin: Gora Euskadi askatuta».
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak esan zuen «garai hartako gudariek eta ETAk» ez daukatela «inolako harremanik». «Gezurra!», oihukatu zion pertsona batek aretoan. Ez zen izan atzoko omenaldian entzun zen protesta bakarra: herritar batek alkateari galdetu zion ez noiz jarri behar zion kaleren bati Sasetaren izena.
Jon De Luisa Sasetak hitz egin zuen senideen izenean, bai udaletxean, bai Hondarribiko hilerrian: «Guretzat omenaldi honek sekulako garrantzia dauka». Gogora ekarri zituen Mexikon bere amak «osaba Kandido» aipatzen zutenean isurtzen zituen malkoak. «Zertarako hainbeste sufrimendu?', galdetzen zuen».
«Kandido, gudaria zara gudarien artean», esan zien ilobak osabaren gorpuzkinei, Hondarribiko hilerrian. Ondoren, Eusko gudariak abesteko eskatu zien bertaratuei, eta han bildutakoek abestu egin zuten. Baita Joxe Iruretagoienak ere, kandido Sasetaren gidaria izandakoak. Berak eraman zuen Saseta Asturiasera. Gaur egun 95 urte ditu.
Ekitaldiak amaituta, Kandido Sasetaren gorpuzkinak krabelin gorriz estalita geratu ziren Hondarribiko hilerrian.
(Berria. 08 / 04 / 27)