
Mugimendu askatzaile guztiek teoria politikoaz gain, ikurretan eta bestelako mintzabideetan gauzatzen diren doinuak dituztela uste du Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 frankismoko biktimen elkarteko kideak. Doinu horiek memoria historikoaren parte diren abestiak dira, iraganeko garai, gertaera eta herrietara garamatzaten kantu enblematikoak. Batzuk ereserkia bihurtu dira; eta gehienek hunkitzeko osagaiak, hitz eta melodiak dituzte. Oroitzapenerako Kantak diskoan jaso ditu Ahaztuak 1936-1977 elkarteak horietako batzuk. Eta egungo taldeen abestiekin tartekatu ditu, memoria historikoa osatzeko. Kontzientziak astintzeko.
Apurka taldeak frankismoko biktimen elkarterako espresuki egindako Ahaztuak abestiak ematen dio hasiera Oroitzapenerako kantuak diskoari. Taldekideetako bat, Josu Lezama Potxu kartzelaratu dute berriki, eta hortaz, haren omenezko kantua ere bada Apurkarena. Enkarterriko bandak, orobat, Jesus Mari Markiegik idatzitako "Kapitalismoak" kantua interpretatu du diskoan.
Joxe Mari Lopategiren hitzekin, Joni eta Imanol Ubedak abestutako "Samiñak" kantuak jarraitzen dio. Eta Bixe

Igorreko taldeak, halaber, beste kantu bat bildu du Oroitzapenerako kantuak lanerako: Jon Paredes Txiki-ri eskainitako "Viento de Libertad".
ESTILO ASKOTAKO ABESTIAK
Josu Zabalondo da diskoan parte hartu duen beste musikarietako bat. Kantautore bizkaitarrak abesti antifrankista bi interpretatu ditu: "Si me quieres escribir" eta "En el Pozo Maria Luisa". Bere aldetik Kloratitak, punk-rocka lantzen duen taldeak bi abestirekin lagundu dio Ahaztuak 1936-1977 elkartearen egitasmoari; zehazki, "A las barricadas" eta "Arroja la bomba" kantuekin. Horrenbestez, Oroitzapenerako Kantak diskoan, hainbat musika estilo jorratzen dituzten taldeen abestiak bildu dituzte. Besteren artean, Karidadeko Bentaren "Pedro Senen Ismaelen pasodoblea", Analupe Fernandezen "Foruak kendu", Fermin Balentziaren "Maravillas" eta "Alto de Loiti" eta Fermin Muguruzak abestutako "Txabi Etxebarrieta" abestia, Telesforo Monzonek idatzitakoa.
Horretaz gain, beste herri batzuetako talde eta musikarien abestiak jaso dituzte Durangoko azokan salgai jarriko duten diskoan: Nuberu Asturiesko taldearen "A los fugaos", Andaluziako Gente del Pueblo taldearen "Pan, T...(rabajo y Libertad)" eta Rafael Amorren "La bicicleta".
Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Abenduaren 8an aurkeztuko du Oroitzapenerako Kantak diskoa jendaurrean. Durangoko Plateruenan ekitaldia egingo du, eta diskoan parte hartu duten zenbait musikarik zuzenean emango dituzte kantuak.
(Berria. 2007-11-29)