Frankismo garaiko biktimentzat eta Memoria Historiko Demokratiko eta Faxismoaren aurkakoa errekuperatu nahi dugunontzat, azaroaren 20a bezalako datak erreferentzia bihurtzen dira diktaduraren aurkako salaketa gizarteari helarazteko, eta, era berean, oraindik zintzilik dauden egia, justizia eta konponketa bezalako eskaerak aldarrikatzeko.
Gaur, berriz ere, Francisco Franco eta Primo de Riveraren heriotzaren urtemuga izango da. Espainiako eskuin-muturrak beste behin ere inpunitate osoz omenduko ditu bi pertsonaiak: estatu-kolpea eman eta berrogei urtean iraun zuen diktadurako caudillo-rena, eta Espainiako Falangeko eta JONSeko ideologo nagusi izan zenarena. Alderdi faxista hori izan zen Espainian eta Euskal Herrian dozenaka mila ezkertiar, nazionalista eta demokrataren desagerpena eta heriotza eragin zuen genozidio politikoaren betearazle nagusia.
Azaroak 20 hau gogoeta merezi duten hainbat gertakarirekin batera dator, besteak beste, orain hiru aste inguru onartutako Memoria Historikoaren Legea deritzonarekin. Maniobra horrek erabateko zilegitasun juridikoan mantentzen ditu erregimen frankistak agindutako zigorrak, gizateriaren aurkako delituek inpunitatez jarraitzen dutelarik.
Era berean, aipagarria da Espainian azken hilabeteotan gazte taldeak, sindikatuak, ezkerreko pertsonak, etorkinak, gay, lesbiana eta transexualak... jasaten ari diren eraso faxista mukurua. Eraso horiek joan den astean iritsi ziren mailarik gorenera, Carlos Javier Palomina Madrilgo faxismoaren aurkako gaztearen hilketarekin.
Krimen politiko horren ostean, beharrezkoa da komunikabide eta Gobernuko kide batzuek eduki duten jarrera aztertzea. Aurrenekoek faxismoaren aurkako mugimendua kriminalizatu dute; bigarrenek, debekatu egin dituzte hilketa hau salatzeko antolatutako protestak, eskuin-muturrak azaroaren 20aren inguruan antolatutako manifestazioak baimendu baditu ere. Asteburuan Erorien Haranean eta Madrilgo Orienteko Plazan diktaduraren apologia egin dutela ikusirik, gogoeta egin behar dugu frankismo soziologiko deitzen zaion ustezko entelekia honen errealitateaz, egiazko ondorio politiko eta sozialez; izan ere, oraindik ere segitzen du taldeen eta herritarren eskubideak modu onartezinean baldintzatzen, beldurtzen, mehatxatzen, eta, are gehiago, hiltzen.
Gizarte eta politika talde guztiei honen inguruko gogoeta egitea eskatzen diegu. Azaroaren 20ak frankismoko biktimen aldeko egia eta justizia eskaera eta benetako sistema demokratikoaren aldarrikapenaren ispilu izan behar du. Ezin gara isildu, inork ezin du beste aldera begiratu diktadore batek Europako mausoleo faxistarik handiena duen bitartean, indarrez desagertu edota hildako lagunek galduta jarraitzen duten bitartean, arroila eta hobi komunetan lurperatuta dauden bitartean.
Gogoeta aktiboa publikoki bultzatu eta gertakari hauen aurka mobilizatzeko, Carlos Palomino omentzeko eta orain egun batzuk Valentzian (Herrialde Katalanak) labankadak jasan zituen Raoud Daoun etorkinaren kasua salatzeko, frankismo garaiko hainbat elementuk indarrean jarraitzen dutela gogoratzeko, eta haien aurkako borroka orainaldiko zerbait delako, Ahaztuak 1936-1977k bat egiten du gaur Faxismoaren aurkako Batzordeak antolatu duen kontzentrazioarekin. Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean izango da, 18:00etatik aurrera, eta herritarrei han parte hartzeko eskatzen diegu.
Lander Garcia, Ahaztuak 1936-1977ren izenean
(Berria. 07-11-20)