Frankismo garaian esklabotzara behartuta lan gogorretan ibili ziren preso ohiak omendu zituzten atzo Nafarroan, Igari eta Bidankoze arteko mendatean. 300 lagun baino gehiago elkartu ziren eguerdiko ekitaldian, tartean zortzi preso ohi, bi alargun eta hainbat memoria-elkartetako ordezkariak: Sestaoko "Errepresaliatuak"; Collectiu Republicà del Baix Llobegrat; Association Mémoire de l'Espagne Républicaine; Charata de la Memoria Histórica, Uncastillokoa, eta Amicale du Camp de Gurs. Ahaztuak taldekoek autobus bat eraman zuten eta Geureak elkartekoak ere joan ziren. Buenos Aireseko ORT eskolako Bigarren Hezkuntzako ikasleek testu bat idatzi zuten eta Euskal Herrira bidali zuten omenaldian irakur zezaten. 15-16 urte bitarteko gazte horiek errepresaliatuen inguruko testigantza zuzenekin lan egin dute, ez Argentinakoekin soilik, Europako beste testigantza batzuekin ere bai. Aurten, Igariko eta Erronkariko errepideetako esklaboen testigantzekin lan egin dute.
Kolonbiako ordezkaririk ere izan zen; Estatu Indarkeriaren Biktimen Komisioko eledun batek hitz egin zuen. Musika, Aezkoako txalapartari batek eta Erronkari ibarreko fanfarre batek jarri zuten. Ekitaldiaren ondotik, 200 bat lagun bildu ziren bazkaritan. Antolatzaileak, Memoriaren Bideak elkarteko kideak, kontent ziren omenaldiarekin. Fernando Mendiola historialariak GARAri adierazi zionez, urtero bezala, preso ohien testigantzak izan ziren garrantzitsuenak. Testigantza horietan, senitartekoek esklaboei elkartasuna erakusteko egin zuten ahalegina aipatu zuten eta emakumeen eta alargunen ausardia azpimarratu zituzten. Margari alargunak abesti bat kantatu zuen ekitaldian, gerra garaiko kopla zahar bat.
Mendiola pozik zegoen hainbat tokitako jendearen testigantza zuzenak jaso zituztelako: Euskal Herrikoak, Aragoikoak, Kataluniakoak, Kolonbiakoak eta Argentinakoak. Gainera, azaldu zuenez, Bidankozeko Udalak laguntza berezia eman du aurten.
Urtetan eskerrik jaso gabe
Preso ohi gehienek eguna poz handiz hartu zutela erran zieten antolatzaileei. Mendiolak azaldu zuenez, urtetan oroitzapen txarrak ekarri dizkien lekura bertara bueltatzeak poza eman zien. Urtetan ez zuten egindako lan eskergaren esker onik jaso, baina atzo lagun ugarik sostengua eman zien eta musika, bazkaria eta giro ezin hobea izan zuten Igariko gainean.
Erronkari eta Zaraitzuko biztanleak bildu ziren Igariko omenaldian, Iruñetik ere joan zen jendea, eta Bizkaitik, Durangotik, hain zuzen. Sebastian Erdoiza preso ohiaren senitartekoek autobus bat antolatu zuten. Urrunagoko lagunak ere elkartu ziren, Kataluniakoak, Aragoikoak eta Estatu frantsesekoak, Pau eta Oloroe aldekoak. Guztira 300 bat lagun, esklabo izandakoen testigantzak entzuteko eta sostengua emateko.
(Gara. 09 / 06 / 21)