Baltasar Garzon epailearen auziperatzea, Argentinan frankismoko krimenak epaitzeko hasi gura duten auzibidea... Memoria historikoarekin lotutako gaiek aparteko oihartzuna lortu dute egunotan hedabideetan. Ahaztuak 1936-1977 elkartearen izenean, egoeraren balorazioa egin du Martxelo Alvarezek (1962, La Foz-Casu, Asturias, Espainia). Hedabideetako goiburu handien atzean, harago, zer egon daitekeen aztertu behar dela defendatzen du.
Hark atera zuen autoa aztertu, eta hori bakarrik ikusita, ondo iruditu zitzaigula esan genuen, baliagarria izan zitekeela. Lehen aldia da auto judizial batek paper zuriaren gainean jarri dituena frankismoko zenbait krimen, frankismoko zenbait kriminalen zerrenda, eta planteatu duena Amnistiaren Legeak sustatzen zuela zigorgabetasun eredua, eta, hain justu, horren gainean hainbat neurri proposatzen dituena. Jakina, auto hura ez zen panazea; esaterako, 1952 arteko krimenak aipatzen ditu, eta guk beti errepikatzen dugu frankismoa 1977an amaitu zela.
Beraz, ekimen txalogarria...
Bai, erabilgarria zelako, eta, baita ere, gai honen gaineko debate soziala berpiztu duelako aurretik inoiz izan ez duen bezalako oihartzunarekin.
Baina bidean geratu dena, ezta?
Estatuaren kontraesanak ageri-agerian uzten ditu auzipetze honek, eta dena, azken finean, antolatuta egon daiteke, zigorgabetasuna behin betiko bukatzeko planteamendu bat aurrera ez ateratzeko helburuarekin. Iruzurrak modu askotan egin daitezke... Falangea hor ikustea krudela da oso, baina Falangea bera baino arriskutsuagoa da Falangeari heldu den tokira heltzen lagundu dion eskua, horren atzean dauden hariak mugitzen dituen eskua. Guretzat, esku horiek ari dira, beste hainbat alorretan ere, zigorgabetasunaren debatea bere horretan lagatzeko lanean... Egunkaria auzia ikusi, zer gertatu den aztertu, eta hariaren botereak horren atzean mugitu izan badira, zergatik ez dira ba hari horiek beraiek zigorgabetasunaren aldeko prozesua geratzen hasiko? Puntu ilun gehiegi daude. Eta, horregatik, distantzia handiarekin hartzen dugu hau guztia. Jakina, bitxia da Garzonen alde ateratzea Euskal Herrian, dauden itzal guztiekin... Baina, horren gainetik, analisi bat egiten saiatzen gara.
Bat egiten duzue epailearen aldeko mugimendu zabalarekin?
Guri, Garzonen inguruan bildu direnen artean, kasuen %90 oportunismo hutsekoak iruditzen zaizkigu... Berrogei urtean ez dira mobilizatzeko gai izan zigorgabetasunaren aurka... eta, orain, zurrunbiloaren inguruan, argazkian ateratzera doaz. Eta zer, eta, gainera, hemen egin ez dena Argentinan egitea txalotzen ari dira? Hemen iruzurra dago. Estatuaren aldetik intentzio bat dago, frankismoko biktimen inguruko oro bukarazteko.
Mesfidatiak, beraz, Argentinan abiatutako urratsen inguruan ere?
Ez dugu uste, hedabideetako oihartzunaz harago, bide luzerik egingo duenik. Zigorgabetasunaren aurkako bermea, bere osotasunean, soilik biktimen eta elkarteen aktibaziotik etorriko da, gizartean hainbat balio berpiztuta. Epaile baten eskutik, oso ona bada ere, gizartearen aktibaziorik gabe, ez da konponbiderik egongo. Auzia askoz ere zabalagoa da: hainbat errepresaliaturi biktima izaera ukatzen ari zaizkio, ikur frankisten auzia hor dago... Argazkia? Jakina, hor dago. Baina, gure ustez, biktimen artean ilusioa piztu, eta gero ezintasun handia eragin dezake. Gure ustez, konponbidea ez da etorriko hortik.
Errotiko aldaketa eskatzen duzue...
Jakina. Hau Argentinan agertzea ez da kasualitatea. Estatuak badaki, hartara, gatazka txikiagoa eragiten duela eta komunikabideetan geratzen dela. Eta guk debatea kalera atera nahi dugu, oinarri sakon eta zabalago batzuekin, eta egungo demokrazia ereduaren eta trantsizio aroaren inguruan kokatuz, gakoa hor baitago.
(Berria. 2010 / 04 / 20)