sábado, abril 24, 2010

AGIRI SOILETIK HARAGO

Ofizialki Victor Manuel Perez Elexpe frankismoaren biktima izendatu dute. Espainiako Gobernuak 2007an onartutako Memoria Historikoaren Legearen ondorioz eska daitekeen aitortza hori jaso berri du haren sendiak, baita kalte-ordain ekonomikoak hartzeko eskubidea ere, hura hil eta 35 urtera. Bittor Perez Elexperen hilketa nola gertatu zen argitu dela sentitzen dute Fermin eta Mari Efi anai-arrebek, «baina prozesua ezin da honela bukatu», diote. Francoren erregimenak hildako milaka pertsonaren familiek bezalaxe, anaiarentzako justizia eskatzen dute: «Errekonozimentua ezin da izan Justizia Ministerioak biktimari emandako titulu pribatu bat bakarrik». Biktimak ikusezintasunetik atera beharraz dihardute, «lapurtutako duintasuna itzultzeaz», hilketen errudunak zigortzeaz.

1975eko urtarrilaren 20an hil zuten Bittor Perez Elexpe, Portugaleten (Bizkaia). Anai-arrebek oroitzen dutenez, egun hartan ohi baino lehenago atera zen etxetik, Sestaoko (Bizkaia) lantokira joan aurretik panfleto batzuk banatzeko asmoz; Nafarroako hainbat enpresatako langileek deitutako greba egunarekin bat egiteko deia zabaldu nahi zuen. Santa Maria elizaren parean gelditzeko esan zion guardia zibil batek; Perez Elexpe korrika atera zen, eta agenteak tirokatu egin zuen, bizkarretik. 24 urte betetzekoa zen urte hartako maiatzean.

Guardia Zibileko agente haren izen-abizenak badakizki Perez Elexpe sendiak: Narciso San Juan. «Kasuari buruzko txostena Ferrolgo Artxibategi Militarrean [Galizia] topatu genuen, eta hor ageri zen guardia zibilaren izena», azaldu du Fermin Perez Elexpek. «Baina bagenekien nor zen, kalean ezaguna zen, gugandik hurbil bizi zen», erantsi du Mari Efi Perez Elexpek. Hilketa ikusi zuten lekukoei esker dakite Narciso San Juanek gezurra idatzi zuela txostenean. Bittor Perez Elexpek arma bat zeramala adierazi zuen, biktimak tirokatu zuela eta guardia zibilak airera tiro eginez erantzun zuela. Airera jaurtitako bala haiek, ordea, Perez Elexpe jo zuten, «eta gorpuaren ondoan pistola jarri ziotela ikusi zuten han zeudenek», dio arrebak.

Nebaren hilketa nola gertatu zen argitu da aitortzaren bidez, baina ez da nahikoa: «Pertsona baten izena garbitzeko, justizia egin behar da». Frankismoaren biktimek ikusezin jarraitzen dutela uste du Fermin Perez Elexpek: «Aitortza hori Ministerioaren eta sendiaren artean geratu da, beste inork ez du horren berririk. Horregatik, uste dugu aitortza publikoa egin beharko luketela Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Portugaleteko Udalak».

Era berean, auzitara jotzeko aukera aztertzen ari da familia. 1977an, Perez Elexperen erailketagatik salaketa jarri zuten, baina auzia artxibatuta geratu zen; ordutik, prozesua berpizteko egindako kontsulta guztietan ezezkoa jaso dute. Egun, aitortza jasota, eta frankismoko krimenak epaitzeari buruzko eztabaida puri-purian dagoela, argi izpi bat ikusten dute, Fermin Perez Elexperen arabera: «Ez dugu onartzen delituaren izaera politikoa. Sarraski frankistaren barruan, anaiaren hilketa gizateriaren aurkako krimena izan zen; hortaz, ez du preskribitzen, eta hiltzaileei ezin zaie 1977ko Amnistiaren Legea aplikatu».

Itxaronaldi luzeegia

35 urteotako ukazioak «frustrazioa, pena, amorrua» eragin zuten familiarengan. Aitortza, gainera, berandu heldu da senide askorentzat. «Gure neba gaztea zenak ez zuen ulertzen nolatan hil litekeen pertsona bat horrela, eta, ondoren, eskubide guztiak ukatu», dio Mari Efi Perez Elexpek; «Bizitza eman zuen aitortzaren alde borrokan, eta ezintasun sentimendu horrek hil zuen». Gurasoek ere ezin izan zuten begiz ikusi Francisco Caamaño Espainiako Justizia ministroak sinatutako agiria, semeari biktima estatusa aitortzen diona. Baina amak, gutxienez, parte hartu ahal izan zuen Sestaon memoria historikoaren alde diharduen Errepresaliatuak taldeak antolatutako omenaldian. «Amarentzat oso garrantzitsua izan zen Bittorri buruz jendaurrean hitz egin ahal izatea», gaineratu du biktimaren arrebak. Hala ere, zortea izan dutela uste du: «Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ezin izan dutenei ez diete ezer aitortu, ezta aurrekari txikiren bat zuten biktimei ere, nahiz eta askotan asmatuak diren jakin. Eta zer gertatzen da hobi komunetan lurperatuta daudenekin? Asko dago egiteko».

Nortasun agiriaBittor Perez Elexpe. Portugaleten jaio zen 1951ko maiatzaren 4an; herri berean hil zuten, 1975eko urtarrilaren 20an. Militantzia. Gizarte mugimendu ugaritako partaide izan zen, baita PTE Langileen Espainiako Alderdiko kide ere. Aitortza. 2010eko otsailaren 4an sinatu zuen agiria Espainiako Justizia ministroak.

(Berria. 2010 / 04 / 24)