domingo, abril 25, 2010

1977KO AMNISTIAREN LEGEA ALDATZEKO DEIA EGIN DU EZKER BATUAK

1977an Espainian onartutako Amnistiaren Legea «berehala» aldatzeko deia egin du Ezker Batuak. Alderdiko koordinatzaile nagusi Mikel Aranak onartu du, frankismoko krimenak ikertu nahi dituela-eta Baltasar Garzon epailearen kontra abiatutako auzibideak «gaitzidura» handia eragin duela, eta hori erakustea ondo dagoela. Horrela egin zuen bat atzo epailearen alde egin ziren mobilizazio ugariekin, baina, nolanahi ere, EBrentzat horrekin ez dela aski nabarmendu zuen; harago egitea defendatu zuen. «Espainiako Gobernua garrantzitsuenaz ahantzi egiten da». Frankismoak eragindako biktimak oraindik ere «ahaztuetan ahaztuak» direla nabarmendu du EBk, eta haiek jasandako krimenak ikertze aldera, legea aldatzea ezinbestekoa dela.

Espainiako Gobernuari auzi honetan postura aldatzeko eskatuz, ekimen bat prestatu du Ezker Batuak, eta Eusko Legebiltzarrean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietan eta hainbat udaletan aurkeztuko du. Horren bidez, Amnistiaren Legea aldatzeko eskatuko zaio Espainiako Gobernuari, eta, bide batez, Egiaren Batzorde bat irekitzeko ere bai; horren bidez, 1936ko gerran eta ondorengo diktadura urteetan urratu ziren eskubideak argitze aldera.

Varela ezesteko eskaria

Baltasar Garzon epaileak eskari bat egin du Auzitegi Goreneko Luciano Varela epailea ezesteko. Epaile hori ari da Garzonek ustez frankismoko krimenak ikertzeko abiatu zuen auzibidearen harira prebarikazio akusazioa ikertzen. Garzonen arabera, ordea, «zuzeneko interesa» du Varela epaileak auzian, eta horregatik ezetsi egin behar da. Garzonen defentsak salatu du Varelak akusazioei (Falange eta Manos Limpias) akusazio idatzietan egindako hutsak zuzentzeko aukera eman ziela, eta hori ez dela instrukzio epaileak jokatzeko modu egokia. Garzonen defentsaren arabera, jokamolde horrekin, alderdikeriaz jokatu zuen, akusazioei laguntza eskainiz.
(Berria. 2010 / 04 / 25)