viernes, abril 23, 2010

FRANKISMOAREN INPUNITATEA SALATU DU AHAZTUAK-EK BILBON

Ahaztuak 1936-1977 Elkarteak elkarretaratzea egin zuen atzo Bilboko Ogasun Ordezkaritzaren eraikinaren aurrean «Inpunitate orori ez!. No a toda la impunidad!» zioen pankartaren atzean. Bertan, eraikinaren aurreko aldean den armarri frankistarekin, «era grafikoan» salatu zuten egun erregimen frankistak, orduko krimenak eta haien arduradunek duten «inpunitatea».

Bertan, «Inpunitateak baditu milaka aurpegi» goiburua izango duen kanpainaren aurkezpena egin zuten. Ahaztuak Elkarteko kide Martxelo Alvarezek jakinarazi zuenez «krimen frankisten inpunitatea» eta «horien biktimei egiten zaien ukazioa» salatu nahi dute. Era berean, eztabaida hori gizarteratzea dutela asmo agertu zuen. Gainera, «inpunitate eredu» hori egun «frankismoaren aurkakoak» omen diren instituzio eta politikoek sortu dutela salatu zuten.

(Gara. 2010 / 04 / 23)