viernes, abril 09, 2010

DUINTASUNA, ARGITARA

Ia 75 urte pasatu dira 1936ko gerra hasi zenetik, eta Francisco Francoren aldeko tropak haren ideologiarekin bat ez zetozen herritarrak hiltzen hasi zirenetik. Euskal Herrian milaka lagun fusilatu zituzten. Ohikoa zen buruan tiro bat ematea eta zuloetan, hobi komunetan, lurperatzea. Ahanzturan geldi zitezen. Euren oroimenak bizirik iraun arren, asko eta asko ezin izan dituzte aurkitu orain arte. Gerraren orbainak lur azpian dirau. Atzo, ordea, hiru egunean lanean aritu ostean, Kasedakoak eta Zangozakoak (Nafarroa) izan daitezkeen lau gizonen gorpuzkinak aurkitu zituen Aranzadi Zientzia Elkarteak. Lau hilotz eta lau historia gordetzen ziren Oibarrerako (Nafarroa) errepidearen albo batean dagoen Fuente del Garrero parkean. 1936ko irailaren 1ean fusilatu zituzten, atxilo hartu eta gero: Blas eta Segundo Dolorea, Jose Oneka eta Gregorio Oroz. Dolorea anaiak eta Oneka Juventudes Socialistaseko kideak ziren, eta Oroz, berriz, UGTkoa.

Oibarren sentimendu kontrajarriak batu ziren atzo Fuente del Garrerora gerturatu zirenen artean. Asko eta asko, tiroz hil ostean lurperatu zituzten lau gizonezkoen senitartekoak ziren. Mari Jose Oneka da horietako bat. Litekeena da, Aranzadik topatutako hilotzetako bat haren aitonarena izatea. Oraindik baieztatzeke dute. «Oso hunkituta nago, 30 urteren ostean duintasunez lurperatu ahal izango dugu aitona», dio malko artean. 36 urte zituen Onekaren aitonak, faxistek tiroz hil zutenean. Hala ere, gertakizun horren berri 1970eko hamarkadatik aurrera izan zuela aitortu du. «Banekien aitak sei urte zituela galdu zuela bere aita, baina ez zidan oso berandu arte esan frankistek fusilatu zutela», dio. Aitortu du, ordea, Kasedan (Nafarroa) beti jakin izan dela fusilatutako herritar batzuk zeudela lurperatuta Oibarren.

Orain 30 urte egin zuten lehen ahalegina

Ez da lehen aldia Oibarren lau lagunen bila aritzen direna. Onekak aitortu du, duela 30 urte, haren aitak eta beste hainbat lagunek hainbat zulo egin zituztela aitzurraz Fuente del Garreron, lau gizonen hilotzak aurkitu nahian. «Izugarrizko lana egin zuten gure aitak eta besteek, zazpi egunez. Ziur zeuden aitonaren eta beste hiru lagunen gorpuzkinak aurkituko zituztela, baina ez zen posible izan», dio. Pako Etxeberria Aranzadiko auzitegi medikuak duela hiru hamarkada kasedarrek hilotzak aurkitzeko egindako esfortzua goraipatu du. «Benetan azpimarragarria da memoria historikoaren alde hainbat eta hainbat herritarrek egindako lana», dio.

Hala ere, azken urteetan, frankismoan eraildako lagunak aurkitzeko teknikak asko hobetu direla aitortu du Etxeberriak. «Oibarko kasuan laser bat baliatu dugu, hilotzak zehazki non zeuden jakin ahal izateko», adierazi du. Ohikoa ez den arren, lau gizonezkoen hilotzak bi metroko sakoneran zeuden lurperatuta. Etxeberriaren irudiko, litekeena da hilotzak hiltzailea ez zen beste pertsona batek lurperatzea, «hilotzak ez daudelako nolanahi botata». Hiru kasedarrak eta zangozarra tiroz erail zituztela froga daitekeela nabarmendu du Aranzadiko kideak. Bi burezurretan, gutxienez, bala bat dute.

Memoria eta duintasunaren izenean, atzo Oibarren egindako indusketen moduko gehiago egin behar direla aldarrikatu du Mari Jose Onekak. «Ezin da duela 70 urte gertatu zena ahaztu. Ahanzturan utzi. Hala ere, orain arte bezala, oztopoak gainditzen jarraituko dugu», dio hunkituta errepublikako bandera jartzen duen bitartean. Etapa luze eta gogor bati amaiera eman dio Onekak. Orain, urteetan izan ez duen lasaitasuna nahi du.

Motzean

1936ko gerran fusilatutakoak. Oibarko hobiko indusketak amaitu eta gero, beste hobi batzuk ikertzen hasiko da Aranzadi Zientzia Elkartea. Pako Etxeberriaren arabera, litekeena da beste hobi baten aurkikuntzaren albistea izatea laster.

Hobien kokagunea.

Normalean herrigunetik urrun egon ohi dira. Sarritan errepide aldamenean egoten dira. Berriztatutako errepideen azpian daude hobi asko.

Eraildakoen ondasunak.

Aranzadiren arabera, fusilatutako hilotzek ez dute ez erlojurik ezta inolako bitxirik izaten, erail aurretik hiltzaileek kendu egiten zizkietelako.

(Berria. 2010 / 04 / 10)