sábado, septiembre 05, 2009

BERRIRO ERE FAXISMOA MEHATXUKA. Idoia Hualde, Pilartxo Beaumont, Edurne Beaumont, Esteban Gota, Fernando Mendiola

Berriro ere, faxismoaren mehatxuzko presentzia erasokorraren lekuko izan gara. Berriro ere, haren ankerkeriak salatzeko eta haren biktimak omentzeko oroitarriei eraso egin diete Nafarroako zenbait eskualdetan. Jadanik ezaguna denez, Iruñerriko zenbait hilerritan txikizioak egin dituzte faxistek, baita Ezkaba mendian San Cristobal espetxeko presoen aldeko oroitarrian edota Igari eta Bidankoze tarteko mendatean dagoen eskulturan ere, frankismoaren esklaboen omenezkoa azken hori. Agerian gelditu denez, eraso koordinatua izan da, eta horren barrenean hainbat pertsonari egindako dei anonimoak ere aipatu behar dira.
Gauzak horrela, beharrezkoa da gertakarion salaketa publikoa, eta horregatik ere poztekoa da Nafarroako indar politiko guztiek horrela egitea, Alderdi Popularraren salbuespen esanguratsuarekin.
Hala ere, salaketa publikoak ez ezik, ekimen judizialak ez ezik, eraso horiek dakartzaten inplikazioei buruzko hausnarketa ere beharrezkoa dugu, etorkizunean haiek saihesteko, eta memoria historikoa berreskuratzeko mugimenduaren helburu nagusienetako bat lortze aldera: faxismorik sekula gehiago ez! Gure ustez, hausnarketa horrek honako aspektu hauek aintzat hartu beharko lituzke.
Eraso horiek agerian uzten dute oraindik ere batzuek onargarri deritzotela 1936an hasitako hilketa masiboari eta gerrari. Are gehiago, erasook portaera horiek salatzen eta deslegitimatzen jarraitzeko beharra erakusten digute. Zoritxarrez, hauxe ez dugu iraganeko kontua, gure artean batzuek begi onez gogoratzen dituzte gurutzadetako garai horiek, eta horrek, garai hartako biktimentzat ez ezik, giza eskubideen defentsa aldarrikatzen dugun guztiontzat ere kezkagarria izan behar du.
Horretaz gain, azpimarratu egin behar da eraso horiek ez direla lehen aldiz gertatu, eta, hala ere, oraindik ez da inongo ekimen instituzionalik izan gertaera horiek argitzeko asmoz. Ematen du faxismoaren presentzia eta mehatxuak ez direla lehen mailako kezkak, gure agintarientzat, behintzat. Zergatik horrelako pasibitatea? Kasualitatea al da eraso horiek egiten dituztenak inpunitate giro batean aritzea?
Bestalde, pasibitateari ez ezik, salagarri deritzogu frankismoa erabat gainditzeko memoria politikak bultzatzeko erakundeen borondate ezari ere. Ez zen egin trantsizioan zehar, ez zen guztiz burutu Memoria Historikoaren Legearekin, eta oraindik ere, Nafarroan agintean dagoen alderdiak, UPNk, ez dio kendu nahi Iruñeko plaza baten izena frankismoaren Justizia ministro izan zenari, Rodezno kondeari, hain zuzen ere, nahiz eta horrela legearen kontra jokatu. Hori guztia pentsaezina litzateke diktaduretatik ateratako beste herrialde batzuetan, Alemania, Argentina eta Hegoafrikako Errepublikan, adibidez, herrialde hauetan geurean baino askoz askatzaileagoak izan direlako memoria politika publikoak.
Horren guztiaren ondorioz, beharrezkoa da gizartearen lana eta mobilizazioan jarraitzea, biktimen eskubideak errespetatzeko -egia ezagutzeko, justiziarako eta erreparaziorako eskubideak, alegia- eta gizarte eredu bidezkoago bat lortze aldera. Zeregin horretan urteak daramatzate memoria elkarteek, modu publikoan, baketsuan eta irmoan lanean, eta horrela jarraituko dugu faxismoaren presentziari aurre eginez, eraso eta mehatxuen gainetik.
Bukatzeko, esanguratsua zaigun zerbait aipatu nahi dugu. Igari eta Bidankoze tartean frankismoaren esklaboen omenezko monolitoan faxistek bakearen usoaren eskultura indarrez jo egin zuten, burua kentzeraino. Gerra eragin zuten, eta harro daude horretaz. Kezkagarria. Lotsagarria.
(Berria. 09 / 09 / 5)