miércoles, abril 16, 2008

ZUTIK IRUGARRENENTZAT. Juna Ramón Garai (Idazlea. Frankismoaren biktima senidea)

Apirilaren 14a, Bigarren Errepublika egunean Elgetarantz noa. Arratsaldeko 16:30ean txingor zaparrada baten erdian Intxortako Atera heldu naiz. Milizianoen eta gudarien oroigarria dena margotuta dago: ¡España Una Grande y Libre! Alde batetik, eta bestetik ¡Viva España!... ¡Abajo la castaña! erantzuten zieten errepublikanoek.

Espainia bakarra! Espainol sentitzen direnentzat, ezta? Ez zarete, bada, demokratak?

Handia!, Aspaldi izan zen... Eguzkia itzaltzen ez zenean.... Ceuta eta Melillarekin penintsulatik aparte... Non daude Filipinak, Kuba, eta etorkizunean non egongo ote dira Katalunia, Euskal Herria... batek daki!

Libre!, batzuentzat bai horixe, baina ez askatua.

Hiru orduko elkarrizketaren ondoren, Maria Luisa, Jesusa, Benedikta eta Isabelekin, jakin izan dut: De Francisco buruzagi sozialistaren semea 1934ko urriko Iraultzaren ondoren, -milizia armadaren burua izan zen-, Benediktaren baserrian gordeta eduki zutela... Elgetar gehienek zekiten hori, baina inor ez zen joan Elgetako Guardia Zibilaren kuartelera...

Jesusak dio, Antsoategi baserriaren ondoan beste zazpi fusilaturen gorpuzkiak daudela; bata emakume batena, zapi zuri batekin buruan...

Union de Hermanos Proletarios Bergarakoak Isabelen etxean egon ziren, Sasetako donostiarrak Maria Luisarenean....Martiartukoak Benediktaren etxean: Matxinatuen hegazkinen bonbardaketen aurrean, esaten zuten: «noiz demontre etorriko ote dira geureak!» Dragoneseko miliziano hilak non daude? Baliteke elizaren ondoko zelaietan; gaur egun etxeak daude gainean.

Casimirorengana laguntza eske joan eta berak emandako papera erre egin behar izan zuten, askatzen lagundu beharrean, fusilatzeko laguntza zen eta.

Antsoategiko Canuto Ugalde eta Joxe Bizente Garai Antsoategiko Bastarrekoa -pertsona oso onak- fusilatu egin zituzten, beste sei gudarirekin batera, Anttoni neskatila bortxatu eta haren aita-amak, Francisca Lamarain eta Pedro Telleria hilak gero... Neskatilak mendian gordeta, bitartean. Angel Gorri-ren anaia eta Dimas Aranzeta desagerturik.

Frankistak Elgetako plazan, egun argiz, mairu bat ere fusilatu zuten. Camilo Alonso Vega -Odolzalea gaitzizena- teniente koronelaren agindupean, «carta blanca», sarraskiak egiteko eman eta gero....

Hori denoi 1937ko apirilaren 20, 21, 22 eta 23an. Gudariek bata bestearen atzean, -alemaniarren hegazkinen eta italiarren kanoien bonbardaketei eutsi eta gero- aurka egin zietelako infanteria frankistaren eraso etengabeei.

Martintxo tabernan errekisatutakoak Elgetako etxe batzuetan daude, hor jarraitzen dute... Zenbat sufrimendu, ezin ikusi, lapurreta eta hilketa, eta hori dena España Una Grande y Libre aurrera ateratzeko... Berriz ere? Geroko berrogei urteetan hainbat diru eta primerako lanpostuak izan direnak izango dira? Ez dira asebete eta ez dira asebeteko.

Etxerako bueltan eguzkia da nagusi, denbora gutxian zenbat aldaketa. Gure herriko alderdi batzuen exekutibak bezala... Saiatzen dira onak direla esaten, baina zertarako? Jarleku ederretan eserita jarraitzeko. Baina ez arazoa konpontzeko. Beste 40 urteetan berdin jarraitzeko?

Intxortaren Atera noa berriro ere argazkiak ateratzen; ene! Oraingoan lehengo pintaketak beltzez margotuta daude; gainean Gora Euskadi ta Askatasuna. Euskaldunen herri askatua. Pentsaera desberdina dituzten langileak hiltzen? PTV, hau da, Pueblo Trabajador Vasco, «bere lan indarra Euskadin saltzen duen langilea da» erakundearen hitzak ziren. Horrela sekula ez gara izango pertsona askeak, eta nola askatu herria pertsona ez libreekin?

Arrasatera heldu naiz, «zurrunbilo mediatikoaren erdigunera». Arazo guztien gainetik, pentsatzen dut zutik mantentzea merezi duela.

Zutik hirugarren bidea bultzatzen, zeren beste bide biak aspaldi baitaude agortuta.

Zutik Hirugarren Errepublikaren alde ere bai, Jesus Larrañagak, Goierri-k, esaten zuena aurrera eramateko: Espainia Gorri bat izango litzateke Espainia hautsi bat. Pertsona askatuen herriak, Euskal Herri Gorria.

Maria Luisa, Jesusa, Benedikta eta Isabelekin, jakin izan dut: De Francisco buruzagi sozialistaren semea 1934ko urriko Iraultzaren ondoren, Benediktaren baserrian gordeta eduki zutela... Elgetar gehienek zekiten hori, baina inor ez zen joan Guardia Zibilaren kuartelera.
(Berria. 08 / 04 / 16)