sábado, marzo 12, 2011

OROIMEN HISTORIKOA AZTERTZEN ETXEBARRIN

Ostiral honetan zita berezia izan zen Etxebarrin. 1936ko gerra zibilak, gaur egun ere aztarnak utzi dituela edo eta oraindik gerra zibiliaren zertzeladak hor daudela argi geratu zen.

Izan ere, ETX KULTUR ELKARTEAK antolatuta hainbat atal izan zituen ostiral iluntzeak.

Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 taldeko kidearen hitzaldiarekin hasi zen ekitaldia. Berak, Ahaztuak 1936-1977 taldearen ibilbidea azaltzeaz gain memoria historiakoaren inguruko gogoeta batzuk plazaratu zituen. Izan ere, garrantzitsutzat baloratu zituen azken urteetan gerra zibilaren inguruko ikerketa eta lan guztiak; gainera, bide horretan jarraitu beharra dagoela aipatu zuen. Alabaina, AHAZTUAK 1936-1977 elkartearen iritziz, garaia da benetako justiziaren bidean, benetako aurrerapausoak egiteko. Beraien hitzetan, frankismoaren biktimen balore demokratikoak berreskuratzea garrantzitsua da eta baita golpe faxista zein hurrengo urteetako errejimen faxistak egindako basakeriak argitu eta arduradunak justiziaren aurrera eramatea.

Guri dagokigunez, ohorezko gonbidatuekin batera Ahaztuen Oroimena, Markinaldeko Frentea 1936 aurkeztu genuen. Markinaldeko Frentea deiturikoan, oroimen historikoaren inguruan lan egiteko asmotan.

Bertan, web orrialde honetan aurkitu dezakezuenaren berri eman genuen, eta deia luzatu Markinaldeko Frentean (Etxebarria, Xemein, Markina, Bolibar) gertatutakoa aztertu eta oroimen historikoa berreskuratzera. Guztion etxeetan dago gerra zibilaren pasarteen berri, guztion lana da hau biltzea eta hurrengo belaunaldiei transmisio egoki bat egitea, errepresio eta faxismoaren biktimei babesa eman eta bizitakori elkartasuna adierazteko.

Txaber Larreategiren “Prohibido recordar” dokumentala ikusgai izan zen ondoren. Saturrarango kartzelan egondako emakumeen testigantzekin egindako dokumental bizi eta hunkigarria. Bukaeran, Txaberrek eta Maria Gorasarrik beraien ikuspuntua eta balorazioa helarazi zuten han bildutako guztien aurrean. Maria Gorosarrik, “No lloreis, lo que teneis que hacer es no olvidarnos” liburuaren ikuspegi paregabea agertu zuen: Autoritarismoa erabiliz, faxistek “garaituen botereak” genero ikuspegitik emakumeenganako eragin zien zapalkuntza.