Bizi guztiko kartzela ezarri die Tucumango (Argentina) Zigor Auzitegi Federalak Argentinako bi buruzagi militar ohiri: Antonio Bussi eta Luciano Menendez. Diktadura garaian (1976-1983) senatari bat desagerrarazi, torturatu eta hiltzeagatik zigortu dituzte.
Hogeita hamabi urteren ondotik, bi buruzagi ohiak epaitu dituzte. Izan ere, Tucumango Zigor Auzitegi Federalak 1976. urtean Guillermo Vargas Aignasse senataria bahitu izana leporatzen diete. Vargas 33 urte zituela bahitu zuten bere seme-alaben eta emaztearen aurrean. Hilketa, astasuna legez kanpo urratzeagatik, torturengatik eta senatariaren etxean baimenik gabe sartzeagatik kondenatu dituzte.
Bussi eta Menendez Gobernu militarreko kide izan ziren 1970 eta 1980 urteak bitartean. Argentinako diktaduran komunismoaren aurkako gerran parte hartu zuten biek. Giza eskubideen aldeko erakundeek azaldu dutenez, aldi hartan 30.000 pertsona desagerrarazi eta hil zituzten torturatuta.
Militarren osasun egoera
Pasa den uztailaren 24an diktaduran egindako torturengatik bizi guztiko kartzela zigorrera kondenatu zuten Luciano Menendez. Hala, espetxe militar batean eman du orain arteko atxiloaldia. Herenegungo sententziaren arabera, bertan eman ditzake Menendezek gainerako egunak. Antonio Bussiri, berriz, haren osasun egoera kaxkarra dela eta, zigorra etxean betetzen utzi diote.
Presoak ohiko espetxe betera eramateko eskatu zion Alfredo Terraf fiskalak Tucumango auzitegiari. Azken erabakiak, aldiz, ez du bere alde egin.
Bussik, negarrez eta ahulki gurpildun batean eserita, «bidegabekeria baten biktima» dela salatu zuen. Gainera, Vargas Aignasse senataria ez zuela inoiz ikusi adierazi zuen. Militarrek erabilitako indarkeria zuritzen saiatu zen ere, «Marxisten aurka» egin zutela argudiatuz.
Gutxienez 200 lagun bildu ziren Tucumango auzitegian buruzagien sententzia entzuteko. Bi militar ohiei ezarritako zigorraren berri jakin zutenean istiluak sortu eta hainbat lagun zauritu ziren.
(Berria. 08 / 08 / 30)