Euskal Curriculuma Ekainaren 21ean onartuko dute, prozesua hasi eta bost urte eta erdira. Onartu aurretik, baina, azken urratsa egin behar dute: Euskal Curriculumaren mamia definitzea, zehaztea, mugatzea. «Euskal Herriak sortu edo bereganatu dituen erreferentziak zerrendatuko ditugu», zehaztu zuen atzo Ruben Iglesias Udalbiltzako Euskal Curriculumeko arduradunak. Alegia, ikastetxeek euskal kulturari dagokionean ikasleei zer transmititu behar dieten zehaztuko dute, txosten batzuetan oinarrituta. Azken aurreko urrats hori egiteko Euskal Curriculumaren bultzatzaileek gogoeta eta eztabaida prozesu bat abiatuko dute ikastetxeen eta gizarte eragileen artean. Txosten espezifikoei egindako ekarpenak jaso, ekarpenekin aberastutako txostena osatu eta onartu egingo dute.
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak, Udalbiltzak eta Sortzen Ikasbatuaz-ek bultzatu dute Euskal Curriculuma. Bertako ordezkariak pozik daude, Euskal Curriculumaren definizioaren amaiera iristen ari delako. Eguna jarri diote, eta atzo jakinarazi zuten, Donostian: Ekainaren 21a. Egun horretan egingo dute batzar nagusia, eta Euskal Curriculuma onartuko.
Aurretik, «ahalik eta eztabaida parte-hartzaileena» bultzatzen saiatuko dira. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta Sortzen Ikasbatuaz-ek beren sareetan bultzatuko dute eztabaida; Udalbiltzak, berriz, herritarren eta gizarte eragileen parte-hartzea bermatu nahi du. Oraingoz, iragarri dute orain arte egindako txosten espezifikoak beren webguneetan jarriko dituztela ekarpenak egin ahal izateko. Eztabaidak «hilabete inguru» iraungo du, eta ahalik eta adostasun maila handiena lortu nahi dute.
«Ikastetxeak eta herri eragileak entzutera goaz», esan zuen Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakariak. «Propioak edo geureganatuak diren erreferentzia kulturalak definitu, hautatu eta zerrendatu egingo ditugu». Hizkuntzetan, geografian, historian, natur zientzietan, gizarte zientzietan... Euskal Curriculumaren bultzatzaileek definizio prozesuaren adibide bat jarri zuten: «Esaterako, musikari dagokionez, helburua da Euskal Herriko ehun abesti ezinbestekoak zerrendatzea». Euskal Herriko ikasle guztientzat erreferentzia berak, nahiz eta probintzia, hezkuntza sare edo ikastetxe mota ezberdinekoak izan.
Helburua Euskal Herriko ikasleen artean euskal kulturaren transmisioa bermatzea da. «Horretarako», esan zuen Ruben Iglesiasek, «hautatu egin behar dugu gure ustez ikastetxeek zer transmititu behar dieten ikasleei».
APLIKAZIOA, ZEHAZTU GABE
Euskal Curriculuma Ekainaren 21ean onartuko dute. Ondoren hasiko da aplikazio fasearen definizioa. Proiektuaren bultzatzaileek atzo ez zuten argitu Euskal Curriculuma non, noiz eta nola aplikatuko den.
Aplikatu nahi duenak ez du «arazo berezirik» izango, ikastetxeek erabakiak hartzeko autonomia baitute, Euskal Curriculumaren bultzatzaileen esanetan. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta Sortzen Ikasbatuaz-ek, jakina, Euskal Curriculuma aplikatzeko asmoa dute.
Euskal Curriculuma osatzeko prozesuaren berrikuntza nabarmendu zuen Ruben Iglesiasek. Beste herrialde batzuetan Hezkuntza ministerioek definitzen dituztela eta goitik behera aplikatzen dituztela curriculumak. Europan edo munduan egiten ez den fenomeno bat egiten ari direla Euskal Herrian: «Herria definitzen». Horrez gain, «behetik gorako proposamena» izatea ere goraipatu zuen Iglesiasek.
Parte-hartzea aipatu eta goraipatu zuen Koldo Tellituk: «Gure proiektuan parte-hartzea giltzarria da; beste batzuek egin duten prozesuan ez da egon parte-hartzerik. Prozesu hau parte-hartzailea izan da eta izango da. Herritik jaiotako proiektu bat da, eta ez dauka inolako zentzurik eragileei ez entzutea».
«EAEko curriculum dekretuak eta Euskal Curriculumak ez dute talka egiten»
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako curriculuma arautzen duen dekretua eta Euskal Curriculuma ez dira gauza bera. Eta, gainera, «EAEko curriculum dekretuak eta Euskal Curriculumak ez dute talka egiten», Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko (EHIK) lehendakariaren esanetan.
Koldo Tellituk bataren eta bestearen arteko ezberdintasunak nabarmendu zituen atzoko agerraldian. «Gu haratago goaz», esan zuen Euskal Curriculumari buruz. «Dekretuak bere mugak ditu, EAEra begira egindakoa baita; Euskal Curriculuma, berriz, Euskal Herriari begira. Gainera, beraiek dimentsio unibertsalean geratu dira dekretuan; guk, berriz, hori ere egin genuen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak parte hartu zuen, baina fase honetan Euskal Herriko eduki espezifikoak landu ditugu».
Bakoitzak bere espazioa du, EHIK-ko lehendakariaren arabera: «Batek legearena [Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak] eta guk herritarrena. Batek EAE, eta besteak Euskal Herria». «Guretzat, Euskal Curriculuma Euskal Herriaren nortasuna mantentzeko giltzarria da», nabarmendu zuten Tellituk eta Ruben Iglesias Udalbiltzako Euskal Curriculumeko arduradunak.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak parte hartu du Euskal Curriculuma egiteko prozesuan. Hain zuzen, Derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculuma proposamen teknikoaren zuzendaritzan. 2005. urteko Martxoan aurkeztu zuten, Bilbon.
«Geureganatuak edo propioak diren erreferentzia kulturalak hautatuko eta zerrendatuko ditugu»
KOLDO TELLITU
IKASTOLEN KONFEDERAZIOKO LEHENDAKARIA
«Hautatu egin behar dugu gure ustez ikastetxeek zer transmititu behar dieten ikasleei»
RUBEN IGLESIAS
UDALBILTZAKO CURRICULUMAREN ARDURADUNA
(Berria)