Mikel Paredes anaia eta Marc Palmes zein Magda Oranich abokatuak aurrean zirela fusilatu zuten Txiki, eta orduz geroztik altxorra gisa gordeta izan dituzte bala zorroak bi abokatuek. Mikel Paredesen arabera, abokatuen nahia beti izan da zorroak familiari itzultzea, baina atzo arte han eduki zituzten. «Lasai» zeudela dio Mikelek, bai baitzekiten han zeudela. Gainera, Oranichek esaten zien amari edo berari ez bazen ez zizkiola beste inori emango. Eta biei eman zizkien.
Ama-semeak joan ziren Bartzelonara, hegazkina hartuta. Oranichen bulegoan hartu zituzten sei zorroak. Amak gogora ekarri zuen semeari agur esateko unean hark nola esan zion seme bat galtzen zuen arren beste hainbat euskal seme irabaziko zituela.
Mikel Paredesek eta Oranichek gogora ekarri zituzten «sekula ahaztuko ez dituzten» fusilamenduko uneak. Abokatuak aitatu zuen, bere ustez anaiak indar handia eman ziola Txikiri une hartan, aurrez aurre ikusi baitzuen -ez zuen begiak tapatzerik nahi izan-. Epaiketa sumarisimoa egin ziotela eta «inolako frogarik gabe» zigortu zutela salatu zuen.
Heriotza hura alferrikakoa ez izatea nahi du Mikel anaiak. Egoera politikoari erreferentzia eginez, honela mintzatu zen: «Badirudi, orain halako irteera bat edo bistaratzen ari dela. Ea bere ametsak betetzen diren, eta behingoagatik zerbait lortzen dugun gure herrian». Txikik hori ikusterik izango ez duen arren, bere ilobek eta familiakoek lortutakoa haiei esker ere izan zela jakingo dutela nabarmendu zuen.
Frankismoko azkenak
Txiki hil zuten egunean Angel Otaegi etakidea eta Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz zein Humberto Baena FRAPeko kideak ere hil zituzten. Frankismoak fusilatzera zigortu zituen azken bost lagunak izan ziren, eta Francisco Franco diktadorea hil baino egun batzuk lehenago hil zituzten. Jende ugari asaldatu zuen gertaera hark, bai Euskal Herrian, bai nazioartean, eta mobilizazio ugari izan ziren frankismoaren kontra.
Orduz geroztik, irailaren 27an ekitaldiak egiten dira Euskal Herrian, fusilamendu horien kontra. Gudari Eguna egiten da, frankismoaren azken fusilatuen omenez. Zarautzen -hangoa zen Txiki- eta Nuarben (Azpeitia) -hangoa zen Otaegi- urtero egiten dituzte ekitaldiak, eta aurten ere egitekoak dira. Mikelek dio herritarrek antolatzen dituztela ekitaldiak, eta beraiek parte hartzen dutela. Iaz, Zarauzko hilerriko ekitaldian istiluak izan ziren, baina Mikelek konfiantza dauka aurten ez dela halakorik gertatuko. «Konturatu ziren hanka sartu zutela».
(Berria. 2010 / 09 / 16)