sábado, septiembre 25, 2010

1975ko IRAILAREN 27an AFUSILATUEN OMENEZKO EKITALDIA IRUÑEAN


Frankismoaren biktimek eta gizaldeko zenbait elkartek erreklamazioa egin ondoren, Argentinako auzitegi bat frankismoaren hilketak ikertzen hasi da. Eta espainiar estatuari txosten bat eskatu dio, hain zuzen ere, 1936 eta 1977 bitartean emandako delito politikoen inguruko ikerketa judiziala egina ote den zehazteko eskatu dio.

Ezintasun politiko eta gurarizko ahanzturaren egoera lazgarri bezain lotsagarri honen aurrean, espainiar estatua ez da gorritu ere egin.

Buenos Airesen aurkeztutako eskakizunen artean Silvia Carreterorena dago, hau da, 1975eko irailaren 27an hil zuten FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo militantearen alarguna da. Egun horretan, Guardia Zibilaren informazio zerbitzuetako boluntarioek osatutako pelotoi batek, ETAko militante ziren Jon Paredes Manot “Txiki” eta Angel Otaegi eta FRAPekoak ziren Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo hil zituen. Horiek izan ziren diktadura-garaiko azken hilketa legalak.

Gertakizun haietatik 35 urte igaro eta gero ere, AHAZTUAK 1936-1977 elkarteak diktaduran erahildako lagun guztiak omendu nahi ditu, eta batez ere 1975eko irailaren 27an hil zituzten 5 borrokalari horiek (01). Askotan gogoratu dugu 1975eko egun hori, eta askotan kontatu dugu gertatutakoa: bost iraultzaile hil ondoren, ahazten ez duen herriak eman zuen erantzun izugarria. Hori guztia Hants dezagun nahi dute, deus gertatu ez balitz bezala guk jokatzea gura dute. Baina mola ahaztu dezakegu Francok eta Molak emandako estatu-kolpea? Nola ahaztu haiek bezala pentsatzen ez zuten guztiak hiltzeko emandako agindua? Nola ahaztu haiek ezarritako izu-egoera: hilketak, fusilamenduak, konzentrazio-esparruak eta presondegiak? Nola ahaztu dezakegu frankismopean bizi izandako 40 urte luzeak? Nola ahaztu hilketekin hasi eta 1975eko irailaren 27ko fusilamenduekin bukatu ziren urte luze eta garratz haiek?

Gaur, Txiki, Otaegi eta FRAPeko 3 kideak gogoratzen ditugu bereziki. Eta horiekin batera, espainiar estatutik eta beste herri eta nazio askotatik jasotako elkartasuna. Ahaztezina da, Oriente plazazo argazki hura, non Juan Carlos I-ek, Francoren aldamenean kokatuta, diktaduraren azken fusilamenduak gauzatzeko babesa eman eta beste batzuen babesa eskatu zuen.

Frankok “bando nazionalekoak” bakarrik jo zituen biktimatzat. Gaur egun ere biktimak alde batekoak bakarrik omen dira. Legeen arabera, Meliton Manzanas eta Carrero Blanco ere biktimak diren bitartean, diktaduraren aurka eta Euskal Herriko eta euskal herritarren eskubiden alde borrokatzeagatik hiz zituzten Txiki eta Otaegi hiltzaileak dira. Halaxe omen dira, betiere gaur egungo leguen arabera.

Legeak alde batera, herria bestera… Baina hori ere ezin onartu.

Eta horrela, iaz borrokalari horiek omentzeko antolatutako ekitaldia debekatu egin ziguten. Hala ere, debekuak debeku, irailaren 27 guztietan oroimen demokratikoa eta antifacista aldarrikatuko dugu.

Franco hilez gero 35 urte pasatu diren arren, egoera ez da aldatu. Frankismoa “gainditu” duen demokrazian bizi omen gara. Franco hil zen, bai, baina ez frankismoa. Gure inguruetara begiratu besterik ez dago hori ikusteko. Espainiar estatuko erreforma politikoaren bidez, isiltasuna eta ahanztura ezarri nahi izan zuten. Zertarako? Urte luzeetako hilketak zigorrik gabe uzteko helburuarekin, hain zuzen ere.

Xede horrekin, kolpe militarra gaitzesteko mozioak saihestu egin eta egiten dituzte; karriketatik eta plazetatik sinbologia frankista kentzeko legea, beraiek egindako legea, ez dute betetzen, Conde Rodezno plazan gertatzen den bezala.

Beste alde batera begiraraztea behartu nahi gaituzte. Gertatutako guztia ahaztu dezagun dute helburu. Eta isil gaitezen. Baian EZ!!! Ez dugu ahaztuko. Ez gara isilduko. Hitz egin beharra dugu, eta hitz egingo dugu. Frankismoaz berba egingo dugu. Trantsizioaz mintzatuko gara. Gure oroimen historikoa berreskuratu behar dugu, gure geroa eraikitzeko behar-beharrezko dugulako. Eta bereskuratu egingo dugu.

Esan bezala, “Ahaztuak 1936-1977” elkarteko kideok lanean jarraituko dugu; lanean egia jakiteko eta jakinarazteko; lanean justizia eta erreparazioa eskatzeko. Idealak, beraien idealak defendatzeagatik hil zituzten. Horrela ideal horik ere hilgo zituztelakoan. Baina ideal horiek bizirik diraute… bizirik gureak ere badirelakoz. Bizirik daude eta indarra eta adorea ematen digute atsi gabe lanean jarraitzeko.

Txikik ere ondare horixe utzi zigun. Bere 21 urterekin, 1975eko egunsenti hartan. Bere anaia, Mikel, eta bere abokatua hil zuten lekura heldu zirenerako, tripode bati lotua zuten, bere anaiak ez du inoiz ahaztuko egoera hura: “Guardien artean ikusi gintuen, eta irri egin zigun. Orduan “gora Euskadi askatuta” eta “Aberria ala hil” oihukatu zuen, eta sekulako indarrarekin, “Eusko gudariak” abesten hasi zen”. Ametsetan ere horrelaxe ikusten duela, horrelaxe gogoratzen duela dio Mikelek.

Jose Luis, Ramón, Humberto, Txiki eta Otaegi: guk ez zaituztegu ahazten, ez dugu ezer ahazten. Eta aurten ere, urtero bezala, irailaren 27an gogoratuko zaituztegu. GURE GOGOAN IZANGO ZAITUZTEGU..

(01) FRAPekoak antifaxistak ziren. ETAkoak ere bai, baina ez da hori azken hauen ezaugarri bakarra, ezta nagusia ere. Abertzaleak eta independistak eta sozialistak ziren.

Ahaztuak 1936-1977