miércoles, enero 03, 2007

FRANKISMOAREN APOLOGIA EGITEN DUTENAK AUZITARA ERAMAN NAHI DITUZTE "AHAZTUAK 1936-1977" ETA EHGAM ELKARTEEK

Frankismoaren apologia egitea zigorrik gabe geratzearekin amaitzeko neurriak hartuko dituzte frankismoko biktimek. AHAZTUAK 1936-1977 biktimen elkartearen eta EHGAM (Gay eta Lesbianen Askapenerako Mugimendua) elkarteak sustatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren aurrean salaketa jarriko dute, eta frankismoa goraipatzeko jarduerak ikertzeko eskatuko diote. «Erregimena goratzea saihestu nahi dugu; izan ere, bere inpunitatea astakeria da eta memoria historikoaren errekuperaziorako zentzurik ez dauka», azaldu zuen AHAZTUAK 1936-1977 taldeko kide Martxelo Alvarezek.
«Alemanian edo Italian nazismoa edo faxismoa goratzeko ekimenak ikustea burutik ere ez zaigu pasatzen, baina Espainiako Estatuan hori egiten da; inpunitate osoarekin, gainera. Europan ez dago hori gertatzen den beste lekurik», adierazi zuen Alvarezek. Horren adibide bi jarri zituen; biak ere denboran oso hurbilak eta berez biktimek Fiskaltzaren aurrean salatuko dituztenak.
Espainiako agerkari digital batean agertu zen gutuna da adibideotako bat. Joan den azaroaren 14an Francisco Francoren erregimen faxista goraipatzen zuen testua izenpetu zuten 100 lagun inguruk. Komunikatua izenpetu zuten gehienak militar ohiak ziren, baina jardunean dagoen Espainiako armadako kideak ere bazeuden. Manifestuak eduki homofoboak ere bazituela aipatu zuen Alvarezek. «Inolako zalantzarik barik, Manifestu horren edukiak oinarri demokratikoak dituen edozein pertsona erasotzen du, eta, nola ez, gay eta lesbianak».
Beste adibide bat ere jarri zuen: beren buruari Madrilgo Nafarren Batzordea izena jarri dion taldeak kaleratu duen egutegia. «Horrek ere Francoren altxamendu faxistaren eta horren osteko 40 urteko diktadura goratzen du, inongo lotsarik gabe». Alvarezek gogoratu zuenez, Nafarroako Alderdi Sozialistak berak egutegiaren eta horren egilearen kontra egin du. Are gehiago, frankismoa goratzeko ekimen guztien kontra PP ez beste alderdi politiko guztiak kontra daudela azpimarratu zuen. «Baina, zoritxarrez, gero pasibotasun handia dago erakunde publikoen aldetik, eta horregatik dago inpunitatea. Horregatik, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea iritsi dela deritzogu». «Orain ikusiko dugu alderdi politikoen jarrera marketina den edo ez», gaineratu zuen.

Frankismoko biktimak bi ekimen zehatz horien kontrako salaketa jarriko dute EAEko Fiskaltza Nagusiaren aurrean, baina beste hainbat adibide ere badaudela zehaztu zuen Alvarezek. Hala, "Francisco Franco" Fundazioa aipatu zuen. «Diru publikoarekin finantzatua eta Franco eta bere 40 urteko diktadura goratzeko tresnarik azpimarragarriena». Gogoratu zuenez, Francok ezarritako erregimenak iraun zuen bitartean milaka lagun hil zituzten -40.000 gorpu aurkitu gabe daude oraindik-, milaka lagun espetxeratu zituzten eta 4.000 lagun inguru jazarrita izan ziren beren sexu orientazioagatik.
Frankismoko biktimek banakako salaketak jarriko dituzte Fiskaltzaren aurrean, hark iker ditzan. Alderdi politiko ia guztiak beren iritzi bera izan arren, ez AHAZTUAK 1936-1977 ez EHGAM elkarteek ez dute uste beren ekimenak eragin praktiko handirik izango dutenik; ekimen «sinbolikoa» izango baita batez ere. Epaitegian ez dute uste aurrera egingo duenik, baina ez legeak babesten ez dituelako. «Legeak egon badaude; ez da hori arazoa. Guri gustatuko litzaiguke beste zerbait izatea, baina jakin badakigu zer gertatu den antzeko beste salaketa batzuk jarri direnean. Lege apropos falta baino gehiago, borondate falta da atzean dagoena», adierazi zuen EHGAMeko kide Imanol Alvarezek.

«Alemanian eta Italian ez bezala, Espainiako Estatuan erregimen faxista goratzen da inpunitate osoarekin»
Martxelo Alvarez
AHAZTUAK 1936-1977 taldeko kidea

«Ekimen sinbolikoa izango da; gehiago izatea gustatuko litzaiguke, baina borondatea falta da»
Imanol Alvarez
EHGAMeko kidea


("Berria". 2007 / 01/ 03)