"Xabier Lasak idatzitako liburua garrantzitsua da andoaindarrentzat eta Gipuzkoako eta Euskal Herriko historiagrafiarentzat, aztertu eta esporta daitezkeen ikerketa ereduak ezarri baititu. Hori nahi dugu", esan du gaur Ahozko historia: oroimenean lokartutako ahotsa liburuaren aurkezpenan Gotzon Garmendia, "Oroituz"-eko kideak. Elkarte horren bultzadaz egindako liburua da, hain zuzen. Frankismoak Andoainen (Gipuzkoa) eragindako errepresioaren berri dakar lanak, eta 600 orrialdetik gorako liburua da Xabier Lasa andoaindar historialari eta BERRIAko irrati kolaboratzaileak egin duena. "Zailtasunekin" egin ere. "Senideen arteko gerra izan zen, eta anaien arteko historiatan nahiago izaten da gauzak ahaztu, askotan gorrotoek hor jarraitzen baitute", esan du prentsaurrekoan Lasak.
Artxiboetan arakatzea ere zaila izan dela esan du. "Artxiboetara sartzeko aukerak badaude, baina Gerra Zibila aztertzeko errepresioa aztertu behar da derrigorrez, eta horretarako joan behar dago errepresioa bultzatu zuten instituzioetara. Adibidez, informazio aberatsa emango ligukeen artxiboa Guardia Zibilarena da, baina hori ere itxita dago". Espainiako Estatuko trantsizioak "memoria historikoari egindako kaltea" ere zailtasuna izan da liburua egitean. "Politikariek hitzetik hortzera erabiltzen dute justizia hitza, baina justizia egia jakinda egiten da, ez gauzak ezkutatuta, ezer gertatuko ez balitz bezala, fusilatuen alargunei 9.000 pezeta emanda. 30 urtean hori bultzatu da".Andoainek lau mila biztanle zituen frankismoa hasi zenean. Bi mila lagunek herritik ihes egin zuten frankistak Nafarroatik zetozelako. "Errepresio planifikatua izan zen. Oso gizarte atzeratua zen: analfabetismoa, jauntxokeria, Elizako jerarkiaren nagusitasuna... Errepublika izan zen gauzak aldatzeko sortu zen mugimendu bat. Mugimendu horiek errotik moztu nahi izan zituzten".Gaur egun oraindik hildakoen zerrenda ofizialik ez dagoela salatu du Lasak, "eta lotsagarria da gure historia ezkutatuta edukitzea". Idatzizko testigantzen faltan, liburua, batez ere, ahozko testigantzetan oinarritu du. 200 lagun baino gehiagorekin hitz egin du.
(Berria. 2007 / 01 / 25)
Esteban Olalde Aspuru Andoaingo (Gipuzkoa) postaria zen. Falangistek 1936ko abuztuaren 17an fusilatu zuten, herrian bertan. Errepublikaren aldekoek ihes egin eta faxistak Andoainen sartu arteko egun nahasiak ziren. Ez zen ohartu herriko kaleetan alkandora urdinarekin ikusi zituenak ez zirela milizianoak, falangistak baizik. «Agur, kamaradak», esan zien. Eskuak lotu eta kamioi batean sartu zuten. Herrian gora eta behera ibili zuten Manuel Azaña Espainiako Errepublikako presidentearen kontrako kantuak abestuz. Zumea kalean soldaduek jolasten ari ziren haur batzuk besoetan hartu eta presoari ttu egitera gonbidatu zituzten. Fusilatzera zihoazela, Gora Espainia! oihu egiteko agindu zioten. Gora Azaña! eta Gora Errepublika! oihu eginez hil zen.
Izenak, abizenak eta aurpegia jarri dizkie fusilatuei, erbesteratuei, jauntxo berriei, bi fronteetara joandako soldaduei, presoei, ilea moztu eta kaleetan paseatu zituzten emakumeei... Horien artean dago Ambrosio Garcia Cascante. Guardia zibilek eraman zuten, 1936ko abuztuan. Petra Garcia Fuente emazteak etengabe galdetu zuen senarraz. Ez zuen argibiderik jaso. Bolada batez seme-alabak hartu eta egunero joaten zen Ondarretako (Donostia) espetxera. Bertan inork ez zion baieztatu edo ezeztatu senarra han zegoenik; baina jakiz eta jantziz betetako zorroak uzten zituen espetxe atarian. Amore eman arte. Aste batzuetara jakin zuen Andoainen fusilatu egin zutela. «Egin kontu, kalera ateratzeko beldurrak akabatzen geunden, fusilatu baten kumeak ginelako», dio liburuan Martin Garciak, Ambrosio Garciaren semeak.
Juan Antonio Irulegi erreketeek atxilotu zuten. Orduz geroztik senideek ez dute haren berririk. Familiak Intza taberna zuen Andoainen. Juan Antonio Irulegi atxilotu eta erreketeek taberna kendu nahi izan zioten Maria Paulina Garmendia emazteari. Ez zien utzi, baina dirua ordaindu behar izan zuen taberna berreskuratzeko. «Mendeku gisa, tabernari Bar España izena jartzera behartu zuten», gogoratu du Miren Itziar Irulegi alabak. «40 urtez Bar Españako alaba izan nintzen», nabarmendu du Miren Itziar Irulegik. Franco hil ostean tabernaren jatorrizko izena berreskuratzen saiatu zen. «Berriro etorriko dira eta, kontuz ibili», erantzun zion amak. Andoaini buruzko liburua da, baina beste edozein herri izan daiteke, «errepresioaren eskemak errepikatu egiten baitira», Lasaren arabera.
(Berria. 2007 / 01 / 26)